Mendizaleentzako hitzordu erakargarria, Kortezubin
Kortezubiko XVI. Mendi Martxa egingo dute zapatuan [uztailak 15]. Ibilbide bi edukiko dituzte martxalariek, eta antolatzaileek 300 lagun inguruk izena ematea aurreikusten dute.
Datorren zapatuan [uztailak 15] Kortezubiko XVI. Mendi Martxa egingo dute. Gure Arbasoen Herria kultur elkarteak udalagaz elkarlanean antolatu du egitasmoa eta, urtero legez, inguruko mendi martxen artean “erakargarrienetako bat” izango dela iragarri dute. Martxalariek distantzia luze eta laburreko ibilbide bi edukiko dituzte eskuragarri. “Batetik, mendiaz luzaroago eta fisikoki maila apur bat handiagoan gozatu gura dutenentzat, martxa luzea atondu dugu; martxa laburra, ostera, lagunarte eta familientzat dago diseinaturik, eta Kortezubi inguruko bazterrak erakustea du jomuga, betiere modu ludikoan eta lasaian”, azaldu dute antolakuntza lantaldetik.
Martxa luzeak hogei kilometro inguru edukiko ditu; Arrolako gaina izango da ibilbideko puntu gorena. Arrolatik, Omako mendi lepora jaitsiko dira ibiltariak, ostean Lezikara jotzeko eta Ereñozarko San Migel mendiaren magaletik Kortezubira bueltatzeko; hamar kilometro inguruko ibilbide laburrak, ostera, herriko mugak zeharkatuko ditu. Azken zatia, Omatik helmugarainokoa, berbera izango da aukera luzea zein laburra hautatzen dutenentzat. Martxa luzekoek 08:00etan edukiko dute irteera ordua; luzekoek, aldiz, 09:30ean. Biak ala biak Kortezubiko plazan hasi eta amaituko dira. Behin ibilbideak amaiturik, dutxatzeko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek.
Martxa luzekoak 08:00etan abiatuko dute hogei kilometro inguruko bidea; laburrekoek, hamar egingo dituzte, 09:30ean hasita
Aurreikuspen ona. Izena ematea zabalik dago ibilbide bietarako; Kortezubiko udaletxean egin daiteke, bertako ordutegi barruan. Gainera, antolatzaileek aurreratu dute egunean bertan izena emateko aukera ere egongo dela. Horrez gain, ES80 3035-0022-41-0221154997 kontu korronte zenbakira diru sarrera eginda ere izena eman daiteke. Izen ematearen prezioari dagokionez, 8 eurokoa da, aurretiaz eginez gero; egunean apuntatuz gero, ostera, 10 eurokoa izango da. Era berean, 14 urtera artekoek 6 euro ordaindu beharko dituzte.
“Gauzak espero legez baldin badoaz, 300 mendizale inguru elkartzea espero dugu; normalean, kopuru horren inguruan ibiltzen gara Kortezubiko Mendi Martxan eta, gauzak ondo direla, aurten ere zifra horretara ailegatuko garelakoan gaude”, azaldu dute antolakuntzatik. Bestalde, ibilbide bietan zenbait anoa postu egongo direla azaldu dute, eta helmuga eremuan “musikaz, giro atseginaz eta jan-edanaz gozatzeko aukera” egongo dela ere bai.
Joan den urtean, 200 lagun inguruk parte hartu zuten Kortezubiko Mendi Martxan, eta beroa izan zen eguneko protagonista nagusia: “Irteera orduak aurreratu egin behar izan genituen, beroa zela eta; aurten, ez dugu bero aurreikuspen berezirik, eta dena prestatu legez ateratzea aurreikusten dugu”.