Maria Vaquerizoren doinuek plaza bete dute
Ekintza kulturalak astearte iluntzeetan ekimenaren baitan, euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko abestiak kantatu zituen abeslari lemoarrak.
Maria Vaquerizoren kontzertu akustikoak hartu zuen martitzen iluntzean Gautegiz Arteagako plaza. Ekintza kulturalak astearte iluntzeetan ekimenaren baitan, euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko abestiak kantatu zituen abeslari lemoarrak, pop, rock, country eta indie estilokoak.
Udako arratsaldeak girotzeko asmoz abiatu zuten ekimena, baita herriko “dinamizazio sozikulturalean laguntzeko” ere. Horregatik, denetariko ekintzak prestatu dituzte, kultura ardatz hartuta. Lehenengo saioan, esaterako, Lur Uribarren mendizaleak Nepaleko bizipenen berri eman zuen, argazkiekin eta bideoekin lagunduta.
Uztaileko martitzenetako kultur programazioagaz amaitzeko, datorren martitzenean, Akelarre filma proiektatuko dute 22:00etan, parke berrian –Gazteluaren ondoan–; Amaia Aberasturi aktore arteagarra da protagonista. Jende guztiarentzako proiekzioa izango da, familiak, gazteak eta adinekoak batzeko helburua daukana.