Inguruko emakume surflarien "omenaldi eguna"
Domekan [uztailak 16], II. Emakume Surflarien Eguna egingo dute Mundakan. Egun osoko egitaraua prestatu dute Mundaka Surf Taldeko antolatzaileek.
Egitarau oparoa prestatu dute domekarako, Mundakako eta inguruko emakume surflariei “merezi duten plaza” emateko. Mundaka Surf Taldeak antolatu du egun osoko egitasmoa, eta “adin guztietako parte hartzaileei zabalik” dago, azaldu dutenez: “Lehiaketa barik, topaketa izatea gura dugu; egun gizonezkoak jaun eta jabe diren arren, surfaren jatorriak Hawaiiko emakumeekin du lotura, eta eurak protagonista izatea gura dugu, euren omenaldi eguna izango da. Hain zuzen ere, inguruan maila izugarria duten emakumezko surflariak ditugu, eta hori bistaratzea ere garrantzitsua da”.
Parte hartzaileak 09:00etan elkartuko dira Talan, eta 10:00ak aldera txandaka uretaratuko dira, surfaz gozatzeko. Eskarmentu gehien dutenek gaztetxoenei irakastea ere bilatuko dute 13:30ak bitartean. Jarraian, yoga saioa egingo dute, “erritmoa apur bat mantsotzeko”. 15:00etan, talde bazkaria egingo dute; bazkarirako txartelak barikuan [uztailak 14] erosi ahalko dira, klubaren egoitzan, 19:00ak eta 20:00ak artean. Sei euroko prezioa edukiko dutela aurreratu dute. 200 txartel inguru egongo dira. Iazko bazkarian, 50 lagunetik gora elkartu ziren, eta aurten langa hori gainditzea espero dute.
Bazkalostean, Surfskate ikuskizunaz gozatu ahalko dute pilotalekuan, eta ekimenaren babesleen produktuak zozkatuko dituzte. 20:30ak aldera, Mothertown bikoteak zuzeneko musikagaz girotuko du iluntzea, egitaraua zarratuz. Iazko lehen aldia “arrakastatsua” izan zela azaldu dute surf taldekoek. Beraz, aurten “iazkoa errepikatzea edo hobetzea” bilatuko dute.