Ibon Ispizua armagin izango da datorren denboraldian
Bilbao Athleticeko atezain mundakarrak Eibarren jokatuko du. Hurrengo denboraldirako lagata joan den arren, Eibarrek hura fitxatzeko aukera "mahai gainean" dago.
Ibon Ispizua De La Helguera mundakarrak jauzi handia egingo du bere kirol ibilbidean: datorren denboraldian, Eibarren elastikoa defendatuko du. Bilbao Athleticegaz lehen denboraldia egin ondoren, atezain gaztea lagata joango da Joseba Etxeberria Athleticeko jokalari ohi elgoibartarrak zuzentzen duen taldera. Ibaiganetik aditzera eman dutenaren arabera, “ateak zabalik” utzi dizkiote talde eibartarrari, etorkizunean Ispizua fitxatzeko.
Athleticek “etekin jakin batzuk” poltsikoratuko ditu Ispizuak lortzen dituen “kirol helburuen arabera”
Akordioaren gidalerroetan, bestalde, adostu dute Athleticek “etekin jakin batzuk” poltsikoratuko dituela Ispizuak lortzen dituen “kirol helburuen arabera”. Edozelan ere, Athleticetik ez dute zehaztu hitzarmenaren zenbatekoa zein izan den. Hogei urteko mundakarra alebin mailan iritsi zen Lezamara, eta goranzko progresioa eduki du denboraldiz denboraldi eta mailaz maila; tartean, Gernika SDn ere jokatu zuen, duela urte bi. Iaz egin zuen bere lehen urtea Bilbao Athleticen, eta Alex Padillagaz “lehian” aritu zen, taldeko lehen atezaina nor izango. Padillak hogeita bost partidu jokatu zituen; Ispizuak, ostera, hamahiru. Gainera, Athleticeko lehen taldeak deituta aritu zen Osasunaren aurkako Errege Kopako finalaurrekoetako joaneko norgehiagokan. Bermeekin ailegatuko da, horrenbestez, talde armaginera.
Bilbao Athleticeko lantaldeak datorren denboraldirako “zorterik onena” opa dio Ispizuari eta “eskerrak” eman dizkio azken urteotan “taldeari emandako babesagatik eta erakutsitako jarrera apartagatik”.