Akorda, Santamañe Jaietarako prest
Uztailaren 15etik 19ra bitartean ospatuko dituzte Akordako Jaiak, denetariko egitarauagaz.
Akordako herritarrak Santamañe Jaien zain daude. Uztaila heltzeagaz batera, jai giroan murgiltzen dira Ibarrangeluko auzo horretarako bizilagunak. Aurten, urtero legez, guztiei egokitutako egitaraua atondu dute, herritar denak asebetetzeko asmoz. Hilaren 15a eta 19a bitartean ospatuko dituzte santamañeak, eta antolatzaileek ibarrangelutarrei nahiz inguruko herrietakoei “bertaratzeko eta giro paregabeaz gozatzeko deialdia” luzatu diete.
Uztailaren 15ean, datorren zapatuan, 13:00etan ekingo diote jaiari, txupinazoagaz. Ostean, jan-edanean elkartuko dira akordatarrak; pintxo-potea egingo dute herriko tabernan. 19:00etatik aurrera, plaza musikak hartuko du. DJ Xaibor gernika-lumotarra izango da oholtzara igotzen lehendabizikoa. “Inguruko artista da eta, batez ere, asko gustatzen zaie gaztetxoenei”, azaldu dute. Jarraian, The Smoke Dealers taldeak testigua hartuko dute. Oraintsu, Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko elkartasun egunean ere jo zuten, Elantxobeko Mentrame tabernan; besteren artean, rock talde klasikoen bertsioak joko dituzte.
Akordako elizan egingo den mezagaz abiatuko dute, hilaren 16an, jaietako bigarren jardunaldia. Meza ostean, plazatik abiatuta, triki doinuz alaituko dituzte kaleak; kalejira amaituta, aldiz, umeentzako jolas puzgarriak eta apar jaia egongo dira plazan. Antolatzaileek adierazi dute umeak ere “jaietako protagonista izatea” bilatu dutela; horrez gian, bainu jantzia ez ahazteko gogorarazpena egin diete etxeko txikienei.
Santamañe Egunean, Mundakako txistulari taldeak girotuko du pintxo-potea
Uztailaren 18an ospatuko dute Santamañe Eguna. Besteak beste, Mundakako txistulari taldeak girotutako pintxo-potea egongo da. “Ibarrangelun ere txistulari taldea egon badagoen arren, polita da ikustea eskualdeko beste udalerriekin ere hartu-eman polita dagoela; guztiak daude jaietan parte hartzera gonbidatuta”. Hilaren 19an emango diote amaiera Akordako Jaiei, Santamañe Bis Egunagaz. 12:00etan Arimen Aldeko Meza egin ondoren, 15:00etan herri bazkarian elkartuko dira herritarrak. Jaietako aurreikuspenak “oso onak” dira, eta jendea “gogo handiz” sumatzen dute. Hortaz, Ibarrangeluko txoko berezi horretaz gozatzeko “gonbidapena” egin diote bisitariei.