Pello Bilbaok historia idatzi du Tourrean: "Zuretzat doa, Gino"
Pello Bilbao Lopez de Armentiak Frantziako Tourreko hamargarren etapa irabazi du; lasterketa horretan lortzen duen lehenengo etapa garaipena da. Sailkapen orokorreko bosgarren posturaino jauzia egin du gernika-lumotarrak.
Bahrain Victorious etxeko Pello Bilbao Lopez de Armentia gernika-lumotarrak historia idatzi du Frantziako Tourreko hamargarren etapan: etapa garaipen bikaina poltsikoratu, eta sailkapen orokorreko bosgarren posturaino jauzia egin du. Atzoko lehen atseden egunaren ondoren eta mendiko etapa handia izan ez arren, egun gogorra eta arriskutsua izan da Vulcania eta Issoire lotu dituena. Bost mendate puntuagarri eduki ditu, eta ibilbide gorabeheratsua nahiz teknikoa. Era berean, beroa izan da eguneko protagonista nagusia: ibilbidearen zati ugaritan, ia 40 graduko tenperaturagaz aritu dira ziklistak.
Etapa hasieratik, ihesaldia harrapatzeko saiakera ugari egon da, eta izen handiko txirrindulariek erasora jo dute, lehendabiziko kilometroak aldapa gora baitziren. Eguneko ihesaldia mailako lasterkariek osatu dute. Sailkapen orokorrean aurreratuen zegoena Bilbao bera izan da; gernika-lumotarrak 11. postuan abiatu du hamargarren eguna, eta, etaparen lehian egoteaz gain, sailkapen orokorrean saltoa egiteko aukera eduki du Bahrain Victoriousekoak. Esan eta egin: sei postu egin ditu aurrera.
Azken kilometroetan, Krists Neilandsek erasora jo du, baina azken kilometroetan harrapatu du Bilbaoren taldeak; azkenean esprintera erabaki dute garaipena
Azken kilometroetan, Israel-Premier Tech taldeko Krists Neilands txirrindulari letoniarrak erasora jo du, eta 20 segundoko errenta edukitzera ailegatu da. Neilandsek bakarrik jo du aurrera, baina hainbat kilometroz errentari eutsi dio, aldeko haizea baliatuz. Atzean, ostera, talde jarraitzailea bitan banatu da azken mendatean, eta indar barik geratu dira etapa garaipenerako zenbait hautagai; tartean, Julian Alaphilippe, Anthony Perez eta Warren Barguil frantziarrak, Mattias Skjelmose Jensen danimarkarra edota Michal Kwiatkowski poloniarra. Une horretan, Bilbaori etapa garaipenaren ateak ireki zaizkio. Edozelan ere, ez du ogibide errazik eduki: bere taldean Ben O’Connor australiarra, Johan Esteban Chaves kolonbiarra, Antonio Pedrero espainiarra eta Georg Zimmermann alemaniarra zeuden, denak ala denak etapa ehiztari trebeak.
Azken kilometroek denetatik eduki dute baina, batez ere, tentsiotik. Neilandsek 15 segundoko aldeari eutsi dio azken hamar kilometroetan, eta alde berbera eduki du Bilbaoren taldeak bere jarraitzaileekiko. Nolanahi ere, Gernika-Lumoko txirrindularia eskuzabal agertu da erreleboetan, eta azken hiru kilometroetan lortu du lasterketa buruan zihoan letoniarra harrapatzea. Azken metroetan, esprintean helmugaratuz gero taldeko bizkorrena zen jakitun, Bilbaok maisuki zukutu ditu bere aukerak; erasoaldi guztiak kontrolatu ditu horretarako.
Azken metroetan, O’Connor izan da mugitzen lehenengoa; ondo eutsi dio Bilbaok. Jarraian, Zimmermannek jo du erasora, eta gernika-lumotarrak gurpila harrapatu dio. Azken zuzengunean, inor baino jakintsuago jokatu du, esprinta abiatzeko distantziarik egokiena harrapatzera itxaronez. Metroak ondo neurtu, eta euskal txirrindularitzaren historia liburuetara pasa: Issoireko helmugan ez da Bilbao baino azkarragorik egon, eta luzaroan gogoratuko duen garaipena eskuratu du.
Pello Bilbao: “Etxekoek ondo dakite azken asteak mentalki zein gogorrak izan diren. Gino Maderren heriotzak gogor jipoitu gintuen, eta garaipen hau beretzat doa”
Azken asteetako amesgaiztoaz. Helmuga lerroa igaro bezain pronto, oraindik arnasestuka, Bilbaok oraintsu zendutako bere taldekide Gino Maderri eskaini dio garaipena: “Etxekoek ondo dakite azken asteak mentalki zein gogorrak izan diren. Gino Maderren heriotzak gogor jipoitu gintuen, eta garaipen hau beretzat doa”. Gernika-lumotarrak azaldu du atseden egunaren ostean “egun oso gogorra” aurreikusten zuela: “Taldekide guztiok ihesaldia harrapatzeko helburu bakarragaz abiatu gara; tropelak errenta murriztu duenean, sufritzea tokatu zaigu iheslarioi eta, beraz, azken kilometroan banekien guztiok indarren mugan geundela”.
“Garaipenaz eta horrek esan gura duen guztiaz gozatzeko unea da”
Gaurko egunez, duela bost urte, Omar Fraile santurtziarrak lortu zuen, Menden, euskaldunen azken etapa garaipena. Bilbaok, erakustaldia emanez, balentria hori errepikatu du. Sailkapen orokorreko postuari dagokionez, “presio barik” jokatuko duela adierazi du: “Egunez egun lehiatzen joango gara; orain, garaipenaz eta horrek esan gura duen guztiaz gozatzeko unea da”.
🏆🇪🇸 @PelloBilbao1990 wins in Issoire!
— Tour de France™ (@LeTour) July 11, 2023
🏆🇪🇸 @PelloBilbao1990 s’impose à Issoire !
👋 @letour_euskadi pic.twitter.com/iRGsR9ggLr