Damaris Egurrolak beste hiru denboraldiz jarraituko du Olympique Lyonen
2027ko ekainaren 30era arte luzatu du Olympique Lyonekin zeukan kontratua.
2027ko ekainaren 30era arte Olympique Lyon taldean lehiatzen jarraituko du Damaris Egurrola Gautegiz Arteagako futbolariak. Talde frantziarragaz kontratua hiru urtez luzatu du, eta, ondorioz, ezker hegaleko erdilariak 2027ko denboraldi amaierara arte jokatuko du Frantziako taldean. “Beste hiru urtez irribarreka”, esanez iragarri du kontratu luzapena sare sozialetan.
2021eko neguko merkatuan ailegatu zen Egurrola Olympique Lyonera, Evertonetik, “munduko jokalari onenetarik ikasteko helburuz”. Ordutik, bere lekua hartu du Sonia Bompast-ek zuzentzen duen taldean, eta entrenatzaileak dio “berebiziko garrantzia” daukala hamaikakoan. Egurrolak “esperientzia” hartu duela esan eta bere joko teknikoa azpimarratu dute taldeko arduradunek: “Bere zehaztasun tenikoa nabarmendu gura dugu, baita jokoa ulertzeko duen erraztasuna ere. Olypique Lyon pozik dago Egurrolak taldean jarraitzen duela iragartzearren”.
Frantziako taldera ailegatu zenetik, Frantziako bi txapelketa (2022 eta 2023) irabazi ditu, baita Txapeldunen Liga (2022) eta Frantziako Kopa (2022) ere; hain zuzen ere, bera da Txapeldunen Liga irabazi duen lehen euskal emakumezkoa.
Gaur gaurkoz, uztailaren 20tik abuztuaren 20ra Zeelanda Berrian eta Australian jokatuko den Munduko Kopa lehiatzeko prestatzen ari da Herbehereetako taldeagaz.