Karmenen zain Busturialdean ere
Lau eguneko egitaraua antolatu dute Mañu eta Arranotegi auzoetako jaiak ospatzeko. Elantxoben eta Gautegiz Arteagan Karmen Egunean egingo dituzte ospakizunak.
Karmen Eguna Elantxoben, iaz Aspertzeko astirik barik, jairik jai dabiltza Busturialdeko herritarrak. Asteburuan bertoko herri batzuetan sankristobalak ospatuko badituzte ere, beste batzuetan, berriz, Karmen jaien zain daude. Horretarako, hurrengo asteburura arte itxaron beharko dute Bermeon, Elantxoben eta Gautegiz Arteagan.
Bermeoko Mañu eta Arranotegi auzoak batu dira aurten lehenengoz, karmenak ospatzeko. Mañun betidanik ospatu izan dituzte, Arranotegin, aldiz, San Isidro ospatzen zuten, baina “galdu egin dira”. Hala, bi auzoak bateratuta lau eguneko egitarau betea prestatu dute Karmen jaiak ospatzeko. “Batzea erabaki dugu gero eta gutxiago garelako antolatzeko lanetan gaudenok. Arranotegiko jaiak galduta zeudela eta, hango alkateagaz batu eta aurten batzea erabaki dugu”, azaldu du Mañuko Jai Batzordeko kide Maite Solisek.
Solisek dio jaiak antolatzen hasi aurretik, egutegiari begiratzen diotela, Karmen Eguna asteko zein egun den zehazteko; izan ere, horren arabera antolatzen dute egitaraua. “Normalean, jaiak beti hasten ditugu txupinagaz eta mus txapelketagaz. Txapelketa gastronomikoak ere beti egiten ditugu”, azaldu du. Aurten, esaterako, zapaturako (uztailak 15) paella eta tortilla txapelketak antolatu dituzte.
Karmen Eguneko egitaraua urtez urte mantendu egiten dutela aipatu du: “Jendea goizez mezara bertaratzen da, eta gero umeentzako jolasak egoten dira auzoan. Arratsaldean, berriz, herri kirolek izaten dute protagonismoa”. Karmen Eguna eta Karmen Bigarren Eguna izaten dira jendetsuenak. Karmen Bigarrenean, gainera, ohikoa da bakailao jana, Mañuko jaietan “falta ezin den gauza” dela nabarmenduta.
Aurten, hala ere, Karmen bezpera zapatua izanik, jendea espero dute: “Uste dugu jendea animatuko dela paella eta tortilla txapelketetara. Lehen sukalki txapelketa egiten zen, baina parte hartzea gero eta txikiagoa zen, eta aldaketa baten beharra ikusi genuen. Gazteagoak erakarri asmoz, paella txapelketa egitea erabaki genuen”.
Adin guztietako herritarrentzako jarduerak egongo direla eta, Solisek herritarrak gonbidatu ditu jaietara.
Ohiturak eutsita. Elantxobetarrentzako ere egun berezia izaten da Karmen Eguna, arrantzari lotutako herria izanda. Aurten, Karmen Egunean bertan egingo dituzte ospakizunak, eta ohiturei eutsita, meza ostean Karmengo Amaren omenezko prozesioa egingo dute Tinglaupetik Kurtzeko moilaraino. Han hortentsiak uretara botako dituzte, batik bat, itsasoan hildakoak gogoan edukitzeko. Sardina erreak dastatzeko tartea hartuko dute horren ostean. Estropadak ere ez dira faltako, aurten, baina, arratsaldez izango dira. Jai guztietan modura, musika izango dute girotzeko, Ardoa Barrura fanfarrea, mariatxiak edota DJa.
Gautegiz Arteagak tradizio handiko erromeria bategaz ospatzen du Karmen Eguna. Jaia Zendokiz auzoan ospatzen dute, eta urtero herritar asko bertaratzen dira Karmengo baselizaren ingurura. Udal arduradunek gogorarazi dutenez, historikoki, egun horretan, itsasgizonak eta familiakoak joaten ziren babes eske. “Jai honek tradizio handia dauka Gautegiz Arteagan, itsasgizonen herria garalako. Gure bizilagunetako asko itsasgizonak izan dira edo itsasgizonen ondorengoak gara, eta horregatik errotu da Karmen Eguna Zendokizen, eta ilusioz mantentzen dugu, bizimodu hau gure gazteen artean hain presente ez dagoen arren. Egun polita da, familietako hainbat belaunaldi batzen direlako landa giroko jai maitagarri eta alai honetan”, nabarmendu duu Gautegiz Arteagako alkate Patrik Saituak.

