Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko 40 milioi euro jarriko ditu Madrilek
Espainiako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru saila emateko hitzarmena sinatu dute. 2023ko Aurrekontu Orokorretatik bideratuko dute diru kopurua, eta Urdaibain "ingurugiroarekin lotutako ekimenak" egiteko bakarrik erabili ahalko da.
Espainiako Gobernuak 40 milioi euroko diru laguntza emango dio Bizkaiko Foru Aldundiari, Urdaibain “garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko” ekintzetarako. Horien artean dago Guggenheim Urdaibai museoa egiteko proiektua. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministroen Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuten diru kopuru hori emateko hitzarmena, eta orain, Bizkaiko Batzar Nagusiek akordio hori berretsi behar dute.
Jakinarazi dutenez, Espainiako Gobernuak 2023 Aurrekontu Orokorretatik bideratuko du diru kopuru hori; aurrekontu orokor horiek onartzeko negoziazioetan lortu zuen EAJk Guggenheim proiektua finantziatzeko Espainiaren konpromisoa.
Guggenheimek Urdaibain egin gura dituen museoak bi gune ditu aurreikusita: Dalia fabrika ingurua eta Muruetako ontziola, eta bi horien arteko espazio naturala ere egokitu gura dute. Izan ere, diotenez, akordioaren helburua da “Udaibaiko Biosfera Erreserbaren natura balioak indartzea eta ingurumena errespetatzen duten guneak ezartzea”.
Hain zuzen ere, Espainiako administrazioak emandako dirua “ingurugiroarekin lotutako ekimenak egiteko bakarrik” erabili ahal izango dela zehazten du akordioak. Eta, Bizkaiko Foru Aldundiak dioenaren arabera, “ingurumen jarduerak Urdaibaiko Guggenheim musoaren hedapenaren funtsezko parte dira”. Hainbat lan egin beharko direla diote, besteak beste, “Muruetako itsasadarraren fluxu naturala lehengoratzea, espazioak birnaturalizatzea eta txirrinduen aparkalekua eta bertako azpiegiturak eraikitzea”.
Espainiako Gobernuak diru laguntza eman duen arren, ez du Guggenheim proiektua kudeatuko, hori aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Guggenheim Fundazioaren esku egongo delako.
Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko eleduna “gustura” agertu zen atzo hitzarmenagaz, Busturialdearentzat “mugarri bat” izango dela uste dutelako, “bai ingurumenarekiko, bai kulturarekiko, bai ekonomiarekiko”. Ituna “urte askoko lanaren” ondorioa dela adierazi zuen.
Berak esandakoaren arabera, 40 milioi euroko hitzarmena adostu zuten Espainiako Gobernuagaz, baina aurtengo aurrekontuetan 15 milioi euroko diru kopurua bakarrik jaso zuten hasiera batean. Horren harira, negoziatzen aritu dira, eta azkenean lortu dute diru sail guztia aurrekontuan jasotzea.