Lur Uribarrenen Nepaleko bizipenak ezagutu dituzte Gautegiz Arteagan
Uztaileko martitzen iluntzeak girotzeko egitaraua prestatu du udalak, eta atzoko lehen saioan, Uribarrenek Nepalera egindako bidaiei buruzko xehetasunak ezagutu zituzten herritarrek.
Ekintza kulturalak astearte iluntzeetan izeneko egitarauari esker, martitzen iluntzeetan kultur ekintzez gozatzeko aukera dute arteagarrek, eta, atzo, Lur Uribarren mendizale elantxobetarraren Nepaleko bizipenak ezagutu zituzten egitarauko lehenengo ekintzara bertaratu zirenek. Argazkiekin eta bideoekin lagunduta eman zuen hitzaldia, eta jendez bete zen Aretxederreta Kultur Etxeko aretoa.
Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak dio “udako arratsaldeak girotu” gura izan dituztela, baita herriko “dinamizazio soziokulturalean lagundu” gura izan dutela ere. Horregatik, denetariko ekintzak prestatu dituzte, “kultura ardatz hartuta”.
Hala, datorren astean Maria Vaquerizoren kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Aretxederreta Kultur Etxearen ondoko plazan. Euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko abestiak kantatuko ditu abeslari lemoarrak, pop, rock, country eta indie estilokoak.
Egutegia:
- Uztailak 11: Maria Vaquerizoren kontzertu akustikoa, 20:30ean, Aretxederreta Kultur Etxearen ondoko plazan.
- Uztailak 18: Film proiekzioa, 22:00etan, parke berrian (Gazteluaren alboan).