500 lagun egongo dira Elantxobeko Mendi Martxan
Zapatuan egingo den martxarako toki denak bete dira. Ibilbide laburra eta luzea egongo dira.
Zapatuan [uztailak 8] Elantxobeko IX. Mendi Martxa egingo da. Pandemia ostean, Atxurkulu Mendi Klubak berreskuratu egin du mendi martxa, eta herritarrek bikain erantzun dute: aurretiaz izena emateko epean, 500 laguneko kopurua bete dute. Horrenbestez, giro ederra ziurtatuta egongo da zapatuan. Antolatzaileak “pozarren” agertu dira, eta “egun berezia” izango dela aurreratu dute.
Parte hartzaileek Elantxobeko portuan edukiko dute irteera eta helmuga gunea. Bi luzeratako ibilbideak egongo dira: luzea eta laburra. Laburrak 11 kilometro edukiko ditu, eta “familia eta lagunarteko giroan egiteko aproposa” dela adierazi dute. Luzea, 22 kilometrokoa, “lasterketa eta martxaren arteko hibridoa” izango dela iragarri dute. Ibilbide luzeko parte hartzaileak 08:30ean abiatuko dira; laburrekoek 10:00etan iango dute hitzordua.
Ibilbideetan, gainera, zenbait anoa postu edukiko dituzte martxalariek. Horietako batzuk likidoak izango dira; beste batzuk, aldiz, likidoak eta solidoak. Ogoño, Gametxo, Akorda eta Ibarrangelu izango dira anoa postuetako guneak, Elantxobeko helmugakoaz gain. Bestalde, antolatzaileek ibilbidean zehar ingurunea errespetatzeko eta hondakinik lurrera ez botatzeko deialdia egin dute.