Plaza argituko dute ilunabarrek
Etzitik aurrera, uztaileko lehenengo hiru eguenetan, kulturaz gozatzeko hitzordua jarri dute Egigun elkartekoek plazan, 20:00etan. Erreten musika taldea ariko da etzi.
Laugarren urtez, herriko gazte, nagusi zein haurrei eskaintza kulturala eskaintzeko asmoz, Ilunabarrak plazan ekitaldi zikloa jarriko dute martxan Egigun Arratzu taldeko kideek. Hala, uztaileko lehenengo hiru eguenetan, 20:00etatik aurrera, kultur eskaintza desberdinak egongo dira Loiolako plazan. Herritarrei bertaratzeko eta ondo pasatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Aurreko urteetan legez, kultur diziplina desberdinak landuko dituzte: musika eta bertsoak. Aurreko hiru urteetako ereduak “ondo” funtzionatu du, eta iluntzeak era berean antolatzeko hautua hartu dute oraingoan ere. Izan ere, horrela, ez dute publiko zehatz bati lotutako eskaintza bakarra prestatu, egitarau anitza baizik, diziplina ezberdinak lantzen dituena.
Aurten, tokiko musika talde eta bertsolariei plaza eskaintzea izan da antolatzaileen asmoa, eta, ondorioz, eskualdeko musika talde zein bertsolariak dira plaza girotuko dutenak.
Iazko emanaldietan emakumeen presentzia indartzen saiatu ziren, eta helburu beragaz jarraitu dute aurten. Hala, Erreten taldearen kontzertuagaz hasiko dituzte aurtengo Ilunabarrak plazan ekimeneko kontzertuak, eta Zugak hartuko du euren lekua hurrengo astean. Ohikoa den Lilibertsoren bertso saioagaz amaituko dituzte ilunabarrak; Arratzun urtero eskaini diete plaza bat, “eskualdeko horrelako proiektuak babestea eta bultzatzea” dagokiela arrazoi hartuta.
Ilunabarrak plazan ekimenagaz udalerriko kultur eskaintza eta aisialdirako plana bultzatzea da Egigunekoen helburua.
Egitaraua.
Etzi, uztailak 6. Erreten taldearen kontzertua.
Uztailak 13. Zuga musikariaren kontzertua.
Uztailak 20. Lilibertsoko bertsoalariak, bertsotan.