Letren Etxea kalera atera dute
Atzo atera zuten kalera, eta uztailaren 14ra bitartean egongo da Santa Luzian. Irailera arte, auzoz auzo joango da Gernika-Lumoko txoko guztietako irakurleak hartzen.
Bernart Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae Vasconum Primitiae euskal liburuari kasu eginez, Liburutegia, jalgi hadi plazara egitasmoa jarri du martxan Gernika-Lumoko kultur etxeak. Uda garaian udal liburutegia kanpora, plazara, mundura atera gura dute, eta horretarako, Liburutegia plazara ekimenaz gain, Letren Etxea ere kalera aterako dute.
Irakurketa eta mahai jokoak herritarrengana hurbildu gura dituzte, irakurzaletasuna bultzatzeko eta irakurketaz gozatzeko aukera gehiago eskaintzeko erabiltzaileei. Izan ere, jardueren helburua da herritarrei beste zerbitzu bat eskaintzea eta horiekin herritarrak entretenitzea.
Letren Etxea izeneko liburutegi ibiltaria atzo arratsaldean aterako zuten kalera, eta irailera arte egongo da Gernika-Lumoko txoko eta auzo guztietako irakurleak hartzen. Goizez zein arratsaldez egongo da erabilgarri liburuz, eguneroko prentsaz, aldizkariz eta mahai jokoz betetako txokoa.
Hain zuzen ere, uztailaren 14ra bitartean Santa Luzian egongo da, eta uztailaren 17tik 28ra bitartean, San Juan Ibarran emango die arreta herritarrei. Horren ostean, Lorategietara hubilduko da uztailaren 31tik abuztuaren 11ra, eta abuztuaren 21etik irailaren 1era arte San Juan Ibarrara bueltatuko da.