Gaztedi A, Muruetan lehiatutako 600 kiloko finalean garaile
15 puntugaz irabazi dute finala, Goiherri eta Akelarreren aurretik. Emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldian ere Gaztedi A nagusitu da.
Muruetak gizonezkoen Euskadiko Lur Gaineko 600 kiloko Sokatira Txapelketako finala hartu zuen domekan [uztailak 2]. Euskadiko sokatira klubik puntakoenek Larrabe auzoan eduki zuten hitzordua, 12:00etan. 600 kiloko finalean, ez zen inongo ezustekorik izan: orain arte egin legez, Gaztedi A taldeak hasieratik amaierara dominatu zuen lehiaketa.
Sailkapen orokorrean, Gaztedi A nagusi izan da bai joan den astean Leioan lehiaturiko lehen bi jardunaldietan, bai finalean. Horrenbestez, 600 kiloko lur gaineko txapelketa erraztasunez irabazi du: 15 puntugaz. Bigarren postuan, 12gaz, Goiherri sailkatu da. Podiuma Akelarrek osatu du, 8,5 puntugaz. Mutriku Sokatira Taldeak, Muruetan azken postuan sailkatu arren, laugarren amaitu du txapelketa, 5egaz. Sailkapena Gaztedi B taldeak osatu du, 4,5 puntugaz.
Gizonezkoen 600 kiloko finalaz gain, Muruetak emakumezkoen Euskadiko Lur Gaineko 500 kiloko Sokatira Txapelketako lehen jardunaldia ere hartu zuen. Proba horretan ere parekoa gertatu zen: Gaztedi Ak aurkariei ez zien inongo aukerarik eman. 3 puntu lortu zituzten irazbazleek; 2 puntu, Goiherrik; puntu bakarra, Akelarrek.
Uztailaren 8an, Goiherriko San Kristobalen lehiatuko dute emakumezkoen 500 kiloko finala; gainera, gizonezkoen 560 kiloko txapelketako lehen jardunaldia ere lehiatuko dute.