Barandika eta Lopez, garaile Zumaian
Gernika-lumotarrak eta zumaiarrak bi setetan garaitu dituzte Goikoetxea eta Manzi. Zumaiako herriak omenaldi hunkigarria eskeini dio Goikoetxeari.
Iñaki Osa Goikoetxeak etxeko azken partidua jokatu zuen zapatuan, Zumaian, baina ezin izan zituen etxeko ikusleak garaipenagaz agurtu, izan ere, Barandikak eta Lopezek irabazi zuten Goikoetxearen eta Manziren aurkako finala: 13-15 eta 8-15eko markagailuagaz gailendu ziren Barandika eta Lopez Zumaiako Masterrean.
Nahi eta ezinean aritu ziren Goiko eta Manzi. Markagailuan atzetik hasi zuten partidua, eta ezin izan zuten hori irauli. Barandikak eta Lopezek bikote sendoa osatu zuten, eta Barandikak joko maila ona erakutsi zuen, pilota bilatuz, ondo erreboteatuz eta pilotakada eraginkorrak eginez. Lopezek ere ez zuen hutsik egin.
2-6koagaz hasi zen norgehiagoka. Goikori kostatu egin zitzaion partiduan sartzea, baina sartu zen. Tanto bi jarraian egin zituen eskubiz (4-8, 5-8), eta markagailua estutu zuen. Hala ere, txik-txak bategaz erantzun zion Barandikak (6-9). Goikoetxearena izan zen hurrengo tantoa, horma bikoa, publikoa zutik jarri zuena (7-9), eta lehenengo set horretan ondo aritu zen Manzi, onenekin jokatzeko prest dagoela erakutsiz. Berak egin zuen 9-11koa, eta markagailua estutzen jarraitu zuen Goikok (10-12). Azken txanpa hori izan zen onena, biziena, alaia, eta horma bikoagaz borobildu zuen lehen jokoa (13-15).
Bigarren setean, urdinek gogor jarraitu zuten, eta Goikoetxea eta Manzi ahalegindu ziren arren, Barandika eta Lopezek abantaila mantentzen jakin zuten: 0-2, 1-4, 3-6. Atsedenaldirako, hala ere, lau tantokoa zen aldea (4-8), eta 8-15ekoagaz amaitu zen partidua.
Goikori omenaldia. Lehia amaituta lehertu zen Zumaiako Aitzuri pilotalekua. Frontoia beteta zegoen, Goiko agurtzeko bete zituzten harmailak herritarrek, eta omenaldi hunkigarria jaso zuen Goikoetxeak; udalak, zesta eskolak eta bere seme-alabek parte hartu zuten omenaldi ekitaldian. Alabak dantzatu zion aurreskua, eta semeak jantzi zion txapela. Jon Maiak ere bota zion bertsoa: “Goiko handia izan da baina, handiagoa da Iñaki”. Goikoren maisu izandako Mugerzak ere oparia eskaini zion puntistari: gaztaina landarea eman zion. Gaztainondoarena da xistera egiteko erabiltzen den materiala.