Grace Berger, Lointeken zortzigarren jokalaria
Grace Berger estatubatuarra fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak. Indiana Fever taldetik dator. Hurrengo denboraldirako konfirmatutako zortzigarren jokalaria da.
Lointek Gernika Bizkaiak Grace Berger jokalari estatubatuarra fitxatu du 2023/2024 denboraldirako. Berger Indianako Unibertsitatetik helduko da Malostera, hain zuzen ere, WNBA ligan jokatzen duen Indiana Fever taldetik. Mailako taldetik datorren mailako jokalaria da. Horren erakusle da talde horrek WNBA Draftean zazpigarren postuan amaitu izana. Eskoltak, bere aldetik, emaitza paregabeak poltsikoratu ditu azken denboraldian: 12,9 puntu egin ditu, 4,8 errebote eta 5,8 asistentzia. Emaitzek dakartzaten bermeekin, Berger hiru alditan aukeratu izan dute Big Ten konferentziako boskoterik onenean sartzeko.
Bere kirol ibilbideari noranzko berri bat emateko “gogo handiagaz” agertu da estatubatuarra. Bere estreinako esperientzia europearrean “leku egokia topatzea” beharrezkotzat jota, Lointek Gernika Bizkaia “aukerarik onena dela” adierazi du. Jokalari modura dituen ezaugarriez galdeturik, konpromisoa du ahotan estatubatuarrak: “Taldeak transmititzen dituen baloreekin bat nator; biok ala biok oso lehiakorrak gara. Horrez gain, bai herria, bai zaleak bikainak dira”.
Mario Lopez: “Bergerrek taldeari asko eman diezaioke erasoaldietan, eta defentsa beharretan ere baliagarria izateko gaitasuna du”
Taldeko entrenatzaileak, Mario Lopez gernika-lumotarrak, Bergerren indarguneak nabarmendu ditu: “Kanpoko lerroko hiru postuetan joka dezale, jokoaren irakurketa paregabea du, eta oso trebea da baloiagaz jokatzerakoan. Erasoaldietan taldeari asko eman diezaioke, eta defentsa beharretan ere baliagarria izateko gaitasuna du. Horrenbestez, esan dezakegu Bergerren gaitasunak ederto moldatzen direla Lointek Gernika Bizkaiaren jokora. Biok oinarri ditugu hala defentsa lan gogorra, nola trantsizio bizkorrak. Jokalari gaztea izan arren, Europan jokatuko duen bere lehendabiziko denboraldian barruan duen dena erakutsi dezala bilatuko dugu”.
Lantaldea eratzen. Bergerren fitxaketagaz, talde gernika-lumotarrak zortzi jokalariko lantaldea dauka osaturik, gaur-gaurko, hurrengo denboraldiari begira. Itziar Ariztimuño, Laia Flores, Roso Buch, Marta Alberdi, Angie Bjorklund, Sofia Da Silva eta Maya Dodson dira gainontzeko jokalariak.