'Urak narama' ikuskizunagaz agurtuko da Gaudeamus Korala
1994an sortu zen Gaudeamus Korala Gernika-Lumon, Julia Foruriaren zuzendaritzapean. 29 urteko ibilbidearen ondoren, Urak Narama izenez azkenengo kontzertua emango du Gaudeamus Koralak, bihar (ekainak 30), 20:30ean, Busturiako BBK Klima Abenturan.
Sarrera 5 eurotan ipini dute eta Julia Foruria Musika Ikastegian eskuratu daitezke.
Juli Foruria zuzendariak aipatu duenez, kontzertu “berezia” izango da. 60 lagun inguruk parte hartuko dute azken kontzertu horretan, baita garai batean koralaren parte izan ziren hainbatek ere.
Kontzertuak bi zati edukiko ditu: lehenengo zatia “erlijiosoagoa” izango da, eta bigarrenean Koralaren ibilbidearen errepasoa egingo dute.
Foruriak adierazi bezala, korala bere “momentu optimoan” dagoen arren, egokiena ibilbidea etetea dela erabaki du.
Koralaren ibilbide oparoa. 50 ume eta gazte inguruk osatzen dute Gaudeamus, eta XX. eta XXI. mendeetako hainbat estilotako errepertorio “zabala” dute.
Aitzindariak izan ziren lanak koreografiaz osatzen eta performancea egiten. Ia hiru hamarkadetako ibilbidean zehar, nazioarteko, Espainiako zein Euskal Herriko hainbat lehiaketetan sariak jaso izan dituzte, eta abesbatzen hainbat jaialditan parte hartu izan dute.