Kikunberak brontzezko domina bi lortu ditu Euskal Herriko Txapelketan
Irene Ramon Benavides eta Malen Bilbao Goikoetxea alebinek lortu dituzte dominak.
Bermeoko Kikunbera Igeriketa Klubeko partaideek emaitza paregabeak poltsikoratu zituzten Euskal Herriko Igeriketa Txapelketan, Iruñean. Bizkai, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko igeriketa klub puntakoenak elkartu ziren Anaitasun kirolgunean, eta lehiaketa goi mailakoa izan zen; talde horien artean egon zen Kikunbera.
Irene Ramon Benavides busturiarra eta Malen Bilbao Goikoetxea bermeotarra izan ziren klubak aukeztutako igerilari biak; alebin mailako bikoteak brontzezko domina bi eskuratu zituen. Ramonek tximeleta estiloko 50 metroko proban lortu zuen; Bilbaok, ostera, estilokako 400 metrokoan. Biak ala biak Bizkaiko Txapelketan beharrezko markak egin ondoren ailegatu ziren Euskal Herriko lehiara, eta “emaitza oso duinak” lortu zituzten, klubetik adierazi dutenez.
Bidearen aitormena. Kikunberako ordezkariak azaldu dute brontzezko dominek urtez urte egindako “lan gogorraren isla” direla: “Kikunbera, Euskal Herri mailako talde ugarigaz alderatuta, klub umila eta txikia da; edozelan ere, frogatu dugu harrobiagaz behar handia egiten dugula eta lehiaketa ofizialetan oso borrokalari ager gaitezkeela”. Euskal Herrikoan, “aurpegia erakutsi zieten” Getxo, Santurtzi edota Bidasoa bezalako klub indartsuei: “Talde gipuzkoarrak nagusi dira Euskal Herri mailan, baita Getxo moduko azpiegitura erraldoidun klubak ere; nolanahi ere, hogei talde ingurutik zazpigarren sailkatu ginen, eta pozarren gaude lortutakoaz“.
Kikunberako entrenatzaileek, Aitziber Sagastik, Iban Vetasek eta Maite Bilbaok, aho batez adierazi dute brontzezko domina horiek eskuratzea “meritu handiko lorpena” dela: “Astean hiru orduz baino ez dute entrenatzen, beste klub gehientsuenetako partaideek ez bezala. Lortu dutena beraien ilusioagatik lortu dute; sakrifizioz lortu zituzten Euskal Herriko Txapelketara sailkatzeko gutxieneko markak, eta sakrifizioz lortu dute txapelketan podiumera igotzea. Beraietaz oso harro gaude”.