Guggenheim Urdaibairen aurka mobilizatuko dira etzi, Gernika-Lumon
Ernaik Bermeok eta Ernai Gernika-Lumok deituta, Guggenheim Urdaibairi ezetza adierazteko mobilizazioa egingo dute etzi Gernika-Lumon. 19:00etan Merkurion batzeko hitzordua jarri dute, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte.
Guggenheim Urdaibairi ezetza adierazteko mobilizazioa deitu du Ernaik. Horregatik, etzi, 19:00etan, Merkurion batzeko hitzordua jarri dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Urdaibai Biosfera Erreserba eta bertako espezie, ekosistema eta paisaiak babestuta eta zainduta egotea gura dute, eta ez “gutxi batzuen eskuetan geratzeko suntsitzea”.
Gazteen eta herritarren nahiak “asetuko dituen eskualde eredua” behar dutela aldarrikatuko dute, “eta ez turismo masiboan oinarrituko den eskualde bat”. Bizitza duinak gura dituzte gazteentzat eta ez turismo masiboak sortuko lituzkeen “lan prekarioak eta alokairu prezio neurrigabeak”.
Politikariek zein udal ordezkariek gazteen ahotsak entzutea gura dute, eta, euren mobilizazioa arrazoitzeko helburuz, zenbait datu kaleratu dituzte: Guggenheim Urdaibai proiektuak 60.000 metro koadroko espazioa eta 130 milioi euroko kostua daukala salatu dute Ernaikoek, “denen diruagaz” ordaintzea aurreikusten dutena. Gehitu dute 140.000 turista erakarriko dituela, eta eskualdeko herritarren bizitza “garestituko” duela.
“Hori guztia aurreikusten duten bitartean, 45.000 herritarrek udan ur murrizketak jasaten dituzte”, salatu dute Ernaikoek. Esan dute Busturialdeko langabezia tasa %15,5ekoa dela, eta lanean dauden herritarren %70ak eskualdetik kanpo egiten duela behar.
Gogoratu dute Urdaibaiko Biosferaren Erreserban egin gura dutela proiektua, 85 animalia eta landare espezie galzorian dauden tokian. Galzorian dauden horiez gain, 729 fauna espezie biltzen dira bertan, baita 821 flora espezie, 86 habitat eta 52 puntu geologiko ere.