Gernika-Luma sortu dute, udalerriko Transmaribibollo sarea
Gaur, ikusgarritasunaren egunean, Gernika-Luma aurkeztu dute, Gernika-Lumoko transmaribibolloen sarea. Kolektiboko jendeari zor zaion espazioa aldarrikatuko dute.
Eragile berri bat sortu da Gernika-Lumon: Gernika-Luma. Udalerriko transmaribibollo sarea da, transmaribibolloak urte osoan ikusgarri egingo dituena. “Gernikan eragile berri bat sortu da, eta hau gaurko egunean argitaratzea ez da kasualitatea”. Ikusgarritasunaren eguna dena erabili gura izan dute urte osoan ikusgarri egingo dituen taldea aurkezteko. “Transmaribibolloa urte osoko borroka bat da, eta Gernika-Lumako kideak horretaz harro gaude”, adierazi dute.
Udalerriko zein inguruetako gazte transmaribibolloengandik jaiotako iniziatiba da, kolektiboko jendeari zor zaion espazioa aldarrikatzeko eta aniztasun berri batean oinarritutako elkarbizitza “atseginago” batera heltzeko desiotik sortu dutena. “Kolektiboarekiko nagusi izan den amnesia selektiboari egin gura diogu aurre, orain arte baztertua izan den genero eta dibertsitate sexu-afektiboari merezi duen garrantzia eta babesa eskainiz”, azaldu dute taldeko kideek. Herritarrei jakinarazi gura diete eskualdeko zein inguruetako queer eta transmaribibolloek “leku bat” dutela sarean.
Gainera, argi utzi gura dute kolektiboarenganako gorroto erasoek eta euren errealitateak gaitzesten dituzten jarrerak ez dituztela onartuko.