Liburutegia plazara atera dute
Astelehenetik barikura eskainiko dute zerbitzua, 10:00etatik 13:30era bitarteko ordutegian.
Gaztetxoenen irakurzaletasuna bultzatzeko eta liburutegia herritarrengana gerturatzeko asmoz, liburutegia plazara atera du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, beste urte batez. Hala, diotenez, irakurketaz gozatzeko aukera gehiago izango dute erabiltzaileek. “Iazko udan haurrentzako liburutegiak izan zuen arrakasta ikusita, berriro jarri dugu martxan. Osasuntsuagoa eta atseginagoa da herriko plazan irakurtzea”, adierazi dute.
Kultur Etxeko arkupeetan jarriko dute, irailera bitartean, eta liburutegiko erabiltzaile gazteek aterpe horretan jarritako liburutegi txikia erabili ahal izango dute aire zabalean. Zehaztu dutenez, astelehenetik barikura eskainiko dute zerbitzua, 10:00etatik 13:30era bitarteko ordutegian.
Liburutegiak bere ohiko zerbitzua ematen jarraituko du barrualdean.
Liburutegia plazara aterako zutela iragartzeko helburuz, Desiderata kale antzerkiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, eta jendetza batu zen Foruen plazan eskaini zuten ikuskizunean.