Euskararen arnasgune izan da Herri Arteko Mendi Ibilaldia
Gautegiz Arteagako Gazte Asanbladak antolatuta, Herri Arteko Mendi Ibilaldia egin dute asteburuan. Bi etapatan, Busturialdea eta Lea-Artibai lotu dituzte. “Dena edarto joan zen. Orain dela urte nahikotxo Antoliñape Kultur Elkarteak antolatzen zituen halako ekintzak. Gazte Asanblada izanda, batez ere gazteei begira egin dugu, baina herri guztira zabaltzeko intentzioa izan dugu. Antolatzen egon garenok gazteok izan gara, eta mendi irteeran batu ginen gehienak ere gazteak izan ginen”, azaldu dute.
Zapatuan (ekainak 24), tenperatura altuei aurre eginez, 17 km-ko ibilbidea egin zuten. Gautegiz Arteagatik irten, eta Mendatan egin zuten lehenengo geldialdia. Hamaiketakoagaz indarberrituta, Munitibarrerantz abiatu ziren. Bertan bazkaldu ostean, 18:00ak aldera ailegatu ziren Aulestira. Bertan erabilera anitzeko gela utzi zieten lo egiteko. Domekan (ekainak 25), berriz, 16 km egin zituzten. Aulestitik Gizaburuagara arteko tartea egin zuten lehenengo. Gizaburuagan jan zuten hamaiketakoa, eta bazkalostean heldu ziren Lekeitiora.
Gautegiz Arteagako Gazte Asanbladako kideek azpimarratu dutenez, herriko jendea batzea eta aisialdia sustatzea izan dituzte helburu: “Eta, denaren ganetik, euskararen arnasguneak sortzea izan da asmoa”. Izan ere, udalerriko euskararen erabileraren datuengatik arduratuta daude: “Gautegiz Arteagan sekulako beherakada egon da euskararen erabileran azkenengo urteetan, eta hori kalean nabarmen igartzen da. Horregatik, gura genuen euskaraz berba egitea baldintza bat izatea. Hori bermatuta egon da, eta joan ginen guztiok bete dugu hori”.
Era berean, “apurka-apurka gazte asanbladaren jarduna indartzea” ere bada euren asmoa. Esan dutenez, ikasturte hasieran hasi ziren antolatzen, eta, adibidez, abenduan Euskararen Eguna prestatu zuten: “Gero, San Polikarpo jaiak antolatzen ere saiatu ginen, baina oztopo asko eduki genituen”. Apirilean, berriz, Altxorraren bila herrikoia antolatu zuten.