Eulogio Omaetxebarria gernikarraren 'Bihotzez' lanak irudikatuko du Aste Nagusia
Bilboko Aste Nagusiko jaiak iragartzeko sei kartel finalisten artean 'Bihotzez' izan da baloraziorik onena lortu duena; botoen %31,53 eskuratu du.
Bilbok badu Aste Nagusia irudikatuko duen irudia: Bihotzez. Gaur aurkeztu dute Bilboko jai nagusiak iragarriko dituen Eulogio Omaetxebarria Solaegi diseinatzaile grafiko gernikarraren lana. Sei kartel finalisten artean Bihotzez izan da baloraziorik onena lortu duena, eta botoen %31,53 eskuratu du.
Izenak berak adierazten duen modura, Bilboko jaiek eragiten duten “emozio eta ilusiorako” deia egiten du Omaetxebarriaren lanak. Mezuak grafismo “xumea” du oinarri, Marijaiaren eskuek osatutako bihotzari eta kolore gorriari protagonismo osoa emanez.
Kartel irabazlearen aukeraketan zeresana izan dute herritarrek; izan ere, ekainaren 19tik 25era bitartean sei kartel finalisten artean bozkatu ahal izan dute, Abandoko Barrutiko Udal Zentroan eta Bilboko udalaren webgunean. Herritarren aukeraketari %66ko balioa eman dio udalak, eta %33koa epaimahai espezializatuari, eta guztien balorazioak batuz irabazi du Omaetxebarriaren kartelak.
Hurrengoak izan dira epaileak: udalbatzako Itziar Urtasun jaietako zinegotzia eta Asier Abaunza, Bruno Zubizarreta eta Garazi Perea zinegotziak; Bilboko Konpartsetako Idoia Ugalde kidea; Alicia Fernandez Rekalde Aretoko zuzendaria; Alberto Salcedo Arte Ederretan Doktorea; Igor Siguero EiTBko kazetaria; Georges Belinga Koop SF 34ko sortzailea; eta Cristina Gezuraga Sirope Agentziako Sorkuntza Zuzendaria.