Suaren berotasunean hasi dituzte sanjoanak
Sanjoan bezperako tradizioari eutsiz, suen inguruan elkartu ziren atzo Busturialdeko herritarrak. Gaur, San Joan eguna ospatzen ari dira han eta hemen.
Urteko gau magikoenetako bat izan zen. Iluntze-gaua suaren inguruan dantzan igaro zuten askok, eta desio berriak eskatzeko eta gertaera txarrak atzean uzteko aprobetxatu zuten beste askok. Busturialdeko herri eta txoko askotan piztu zuten sua, eta garraren argiak argiztu zuen gaua.
Ajurian sanjoan jaiak berreskuratu zituzten iaz, eta duela urtebete egin modura,Ā ikuskizuna eskaini zuten Oxygastra Curtisii taldeko emakumeek. Mikel Laboaren Baga Biga HigaĀ eta Neomak taldearen Ilargi berriak abestiak kantatu eta dantzatu zituzten suaren inguruan.
Gernika-Lumoko Lurgorri Auzo Kultur Elkartekoek ere, suaren inguruko urteroko zita izan zuten, eta musikariek iluntzea alaitu ostean, auzoko txikiek egindako panpina erre zuten sutan. San Juan Ibarran ere, auzoko jaietan ari dira, eta txupina jaurtita, Segundo Olaeta Musika Eskolakoen Rock & Band kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. 11. edizioa izan da aurtengoa, eta plazako oholtzara igo ziren SOMEko Banda Sinfonikoa, Rock Konboa eta eskolako 8 abeslari, Ross dantza eskolako lagunekin indarrak batuta. Jazz, funk edota elektronika kutsuko musika entzun zuten, Aretha Franklin, Bruno Mars edo Alaskaren abestiak berrasmatu baitzituzten. Halaber, Euskal Herriko rock talde emakorrenek sortutako kantu ezagunak ere entzun zituzten.
Auzoetako San Joan jaiak (Egitaraua)
Herriko jai nagusiak.
Mundakarrak sanjoanetan hasten dira herriko jai nagusiak diren sanpedroak ospatzen, eta festei hasiera ematen dien kalejira egin ostean, sorgin, mosolo eta katuari harrera egin zieten plazan. Gero, Talaraino joan ziren, horiek sutan erretzeko. Jendetza batu zen suaren inguruan. Gaueko ospakizunez gain, goizetik gozatu zuten mundakarrek, eguerdian Ibai Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Koldo Gezuragaren bertsoak entzuteko aukera izan zutelako. Gero, herri bazkarian bildu ziren, eta gaur ere, badute non gozatu.Ā
Eatarrek ere, atzo hasi zituzten herriko jai nagusiak, eta ordutik etenik barik ibili dira kostako udalerrian. IkurriƱa jarri zuten Kaiarrixan, eta su artifizialez, suaz eta Eztandap taldearen kontzertuaz gozatu zuten.Ā
Urak eta suak bat egiten duen herria da Ea, eta adin guztietako herritarrek gozatzeko aukera izango dute egunotan ere. Gaur herri bazkarian batuko dira, eta Erreten zein Zazpizar erromeriaz gozatzeko aukera izango dute. Astelehena izango da egun handia, Erreka Eguna ospatuko dute-eta; bitartean, motorrak berotzen joango dira.Ā Ā
Kanpantxun ere, jai.Ā
Ajangizko Kanpantxun ere sanjoanak ospatzen dituzte herritarrek, eta aurten, bigarrenez egin dute Buelta Kanpantxu lasterketa. 4,9 kilometroko bidea osatu behar izan dute gaur, eta 21 korrikalarik hartu dute parte. Onenak izan dira Julen Aranguena eta Iara Auzokoa.
Gizonezkoetan, azkarrena izan da Aranguena, 16 minutu eta 40 segundoko denboragaz. Bere atzetik Patrik Saitua ailegatu da, 16 minutu eta 52 segundoko markagaz. Hirugarrena izan da Unai Lobato;Ā 17 minutu eta 06 segundotan gelditu du kronometroa. Emakumezkoetan, berriz, Auzokoak 23 minutu eta 53 segundoko marka egin du, eta helmugara iristeko 24 minutu eta 03 segundoko denbora behar izan du bigarrena izan den Haizea Gerrikabeitiak. Podiumeko hirugarren postua bete du Ziortza BerruetabeƱak; 25 minutu eta 39 behar izan ditu. Gogoratu dute izen emateetako dirua Batera Gara elkarteari bideratuko diotela.
“Giro polita” izan dutela adierazi dute Kanpantxuko jai batzordeko kideek, eta eguerdian ere jai giroak ez du etenik izan, herri bazkarian elkartu baitira 92 herritar.Ā
Bermeotarrek, goizetik hasi dute eguna, izan ere, Gaztelugatxera joateko tradizioari eutsi diote askok eta askok.Ā
Aipatutako herrietan ez ezik, Busturialdeko gainerako udalerrietako txokoetan gozamenerako tartea egon da egunotan. Esaterako, Errigoitiko Sallobanten, Morgako Ganben eta Mendatako Lamikizen auzoko jaiak ospatzen ari dira.Ā