San Pelaio jaiak ospatzeko gogoz daude Belendizen
Paella-ontziak prest dituzte belendiztarrek. Pelaio Deunaren jaiak bihar hasiko badituzte ere, gaur iluntzean jai usaina nabarituko da, Belendizen bertan piztuko baitute San Juan sua.
Bihar Paella Txapelketagaz hasiko dituzte jaiak; bederatzigarren txapelketa da aurtengoa, eta helduak prestaketa lanetan ari diren bitartean, Ehunzango aisialdi taldekoek proposatutako jolasetan ondo pasatzeko aukera edukiko dute eguerdian umeek eta gaztetxoek. Arratsaldean, berriz, apar festan bustiko dira.
Aurten zapatu iluntzeko eta gaueko erromerirako Joxpa talde ondarrutarra gonbidatu dute. Ostean, DJ Kool lekeitiarrak ipiniko ditu dantzan herritarrak.
Domeka eguerdian, besteak beste, txapel jaurtiketan daukaten abilezia erakutsiko dute herritarrek, eta arratsaldean Pontx pailazoak «haurrei eta familia osoari zuzendutako euskarazko ikusgarri dinamiko eta parte hartzailea» eskainiko du; musika, irria, dantza eta jolasa batzen ditu bere proposamenak.
Bestalde, astelehenean, santuaren egunean, meza entzun eta mokadutxoa janez agurtuko dituzte Belendizko jaiak.
EGITARAUA:
BIHAR (EKAINAK 24)
- 12:30. VIII. Paella Txapelketan izen ematea.
- 13:00. Umeen jolasak, Ehunzangoren eskutik.
- 14:30. Paellen aurkezpena.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 18:00. Apar festa.
- 20:00. Erromeria Joxpa taldeagaz.
- 21:00. Makailau eta urdai jana.
- 22:00. Erromeriaren jarraipena.
- Ondoren. DJ Kool.
ETZI (EKAINAK 25)
- 12:00. Meza santua.
- 13:00. Txakolin eta sagardo dastaketa eta trikitilariak.
- 14:30.Txapel jaurtiketa.
- 18:00. Pontx pailazoa.
- 19:30. Txokolatea danontzat.
ASTELEHENA, SAN PELAIO EGUNA (EKAINAK 26)
- 12:00. Meza santua.
- Ondoren. Mokadutxoak.