Herri txiki, jai handi
Herri txikietan jai handiak ospatzen badakite, horren adibide dira Mundaka eta Elantxobe; San Pedro jaiak ospatuko dituzte, eta jai giroan murgiltzeko atzera kontua hasi dute.
Ekainari amaiera borobila emateko San Pedro jaiak ospatuko dituzte Mundakan eta Elantxoben, eta atzera kontaketa hasi dute. Sanpedroak ospatzeko egitarau zabalak prestatu dituzte, herri txikietan ere jai handiak ospatzen badakitelako.
Ohi legez, mundakarrak sanpedroak girotzen hasteko sanjoanetan ondo baino hobeto murgiltzen dira, eta gaur bertan herri bazkari zein Basaranetik jaitsiera eginez festa giroan sartuko dira. Mundakako San Pedro jaietako ohikoak ez dira faltako aurtengo egitarauan, txistulari, buruhandi eta erraldoien kalejirak, alborada, mota askotako txapelketak, kontzertuak… ezta ere, Sukalki Eguna. Azken hori, hala eta guztiz ere, aldaketekin dator; izan ere, Tourra pasatuko da egun horretan herriko saihesbidetik, eta kazolak aurkezteko ordua aurreratu egin dute, 12:30ak izango da, hain zuzen ere, sukalkiak aurkezteko ordua.
Katillotxu Emakumeen Elkarteak ere, aurreko urteetan egin modura, urtean egindako lanen erakusketa jarriko du Tribisarrospen. Domekan (ekainak 25) hasiko da eta ekainaren 30era bitartean egongo da ikusgai.
Elantxobetarrak bihar eguerdiko KAE 1 Ligako traineru estropadagaz sartuko dira jai giroan. Ondoren, bi eguneko egitarau zabala prestatu dute San Pedro santuaren eguna eta haren ostekoa goi-goitik ospatzeko.
Urtero legez, herriko ume eta nagusientzako jarduerak antolatu dituzte, hortaz, ondo pasatzeko aitzakiarik ez dute izango.