Asier Larrauriren dimisioa onartu dute gaurko osoko bilkuran
Zinegotzi berriak kargua hartu ahal izateko Gernikako Hauteskunde Batzordeari Bermeoko EH Bilduren zerrendan hurrengoa den Bittor Uriarte Anasagastiren kredentziala bidaltzea ere onartu dute.
Ezohiko osoko bilkura egin dute gaur [ekainak 23] goizean Bermeon; bertan, Asier Larraurik ekainaren 20an idazki bidez aurkeztutako alkate eta zinegotzi karguari uko egitea onartu da. Udal taldeetako zinegotzi guztien aldeko botoekin onartu dute Larrauriren dimisioa.
Gaur, bestetik, zinegotzi berriak kargua hartu ahal izateko Gernikako Hauteskunde Batzordeari Bermeoko EH Bilduren zerrendan hurrengoa den Bittor Uriarte Anasagastiren kredentziala bidaltzea ere onartu dute.
Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoari jarraituz, 10 egun balioduneko epean udalbatza eratzeko bilkura bat egingo da, eta bertan alkatea hautatuko da. Aipatzekoa da zerrendaburu diren zinegotzi guztiak izan daitezkeela hautagai. Baten batek zinegotzien botoen gehiengo osoa lortuko balu, hautetsitzat joko litzateke, eta inork ez balu gehiengo hori lortzen, udalerrian herri boto gehien lortu dituen zinegotzia izendatuko litzateke alkate. Berdinketa gertatuz gero, berriz, zozketa bidez ebatziko litzateke.
EH Bilduk eta Guzanek eguaztenean jakinarazi zuten euren arteko akordioa berretsi dutela. Modu horretara, Nadia Nemeh Shomaly EH Bilduren zerrendako bigarrena izango litzateke Bermeoko alkatea.