Gernikako Ospitaleko 3. solairuko oheak, aztergai
Gernikako Oheen Aldeko Plataformak eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako mahai inguruan, profesionalen kontratazioa babestu zuten, eta ohe soziosanitarioak "beharrezkoak" diren arren, azpiakutuentzako edo gaixo kronikoentzako oheak eskatu zituzten.
Gernikako Oheen Aldeko Plataformak eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, Gernikako Ospitaleko 3. solairuko oheei buruz eztabaidatzeko mahai ingurua egin zuten atzo, Elai-Alai aretoan.
Abenduan 10 urte bete ziren zentroa martxan jarri zutenetik, eta oraindik ere, hirugarren solairua “hutsik” dagoela salatu zuten atzokoan ere. Zerbitzuak martxan daraman hamarkadan, “gorabehera” asko egon direla esan zuten plataformako kideek, eta azken berriak izan zituzten izpide: izan ere, apirilean, 25 ohe soziosanitario instalatzeko asmoa iragarri zuen aldundiak. Eta iragarpen horri buruz hausnartu zuten atzo Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkide eta Osasun batzordeko bozeramaileak, Izaskun Duque Bizkaiko batzarkideak, Lukene Endeiza Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko medikuak eta Camino Saiz Gernikako Oheen Aldeko Plataformako kideak.
Osakidetzaren egoera orokorrari buruzko datuak eskaini zituen Uberak, eta aldundiak zainketa politikak zelan garatu dituen kontatu zuen, berriz, Duquek. Endeizak etxeko ospitalizazio zerbitzuak zertan datzan eta pazienteen eta langileen egoera zein den azaldu zuen. Denek ala denek profesionalen kontratazioa babestu zuten, eta ohe soziosanitarioak “beharrezkoak” diren arren, azpiakutuentzako edo gaixo kronikoentzako oheak eskatu zituzten; izan ere, ohe soziosanitarioak ordainpekoak dira, eta gizarte zerbitzuek erabakiko dute nork erabil ditzakeen.
Saizek esan zuen azpiakutuentzako oheak aldarrikatzen jarraituko dutela plataformakoek, eta euren borrokagaz bat egiteko deia egin zien herritarrei.