Ana Otadui da Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, berriro
Batzar nagusietako 51 batzarkideetatik 34ren babesa jaso du Ana Otadui gaurko osoko bilkuran: EAJ, PSE-EE eta PPrenak. Zuri bozkatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Jane Eyre forutar jeltzalea izango da Mahaiko lehen idazkaria.
Eratu dira Bizkaiko Batzar Nagusiak, eta Ana Otadui jeltzalea izango da presidentea berriro. Hirugarren legealdiz jarraian beteko du kargua, gaur Bizkaiko Parlamentuak Gernikan egin duen Batzar Nagusiak eratzeko bilkuran 34 aldeko boto jaso ostean. Aurkeztutako hautagaitza bakarra izan da, eta EAJkoen botoez gain, PSE-EEren eta PPren aldeko botoak batu ditu. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek zuriz bozkatu dute; 17 boto zuri zenbatu dituzte.
Begoña Gil sozialista da lehen presidenteordea, eta EH Bilduko Idoia Buruaga, berriz, bigarren presidenteordea. Mahaiko lehen idazkaria, bestalde, Jane Eyre forutar jeltzalea izango da, eta Elkarrekin Podemos alderdiko Ricardo Vaquero bigarren idazkaria.
Otaduik “bihotzez” eskertu du beragan jarritako konfiantza, eta aitortu du “inoiz baino ardura handiagoa” sentitzen duela oraingoan. “Gaurkoan ere, pilatu egiten zaizkit ohorea, esker ona eta erantzukizuna. Eskerrik asko nigan konfiantza jarri duzuen guztioi, eta eskerrik zintzoena nire alderdiari. Eskerrik asko zuen babesagaz ohore hau posible egin duzuen bizkaitar guztiei, etxekoei. Iragan handia daukan parlamentu honetako kide izatea ohore handia da bizkaitar guztiontzat”. Sinistuta dago helburu bera dutela gaur eratu duten Bizkaiko Batzar Nagusietako politikari guztiek: Bizkaia hobea eraikitzea. “Horren alde lan egitea eskatzen dizuet, horretarako hautatuak izan garelako”.
Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten alderdi politikoek “alde ideologiko eta politiko handiak” dituztela adierazi du, “anitza” den Bizkaia horren erakuslea dela: “Guztion artean lortu dezagun eztabaidak baztertu eta herritarren mesederako akordioak erdiestea. Hori da politikaren adierazpenik nagusiena: akordioa eta desberdinen arteko adostasuna lortzea”.
Berbaren etxea den parlamentutik “ordezkari guztien presidentea” izatea dela bere helburua adierazi du Otaduik, bai batzarkide guztiena, bai bizkaitar guztiena. “Guztiei laguntza eskatzen dizuet, aurreko agintaldietan lantzen joan garen helburu bi erdiesteko: bizkaiko batzar nagusiak ezagutzera ematea eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren alde lan egitea”. Dioenez, erakundeak egiten duen lanaren berri eman gura diete herritarrei, “ezagutzen ez denari nekez aitortu ahal zaiolako duen balioa”. Horrez gain, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde “borrokan” jarraituko dutela dio: “Oraindik asko eta asko geratzen zaigu egiteko”.
Batzarreko araudiak agintzen duen legez, bere berbaldiaren amaieran, Batzar Nagusiak osatutzat jo ditu Otaduik, eta horrela jakinarazi dio Unai Rementeria jarduneko Ahaldun Nagusiari. Jarraian, osoko bilkura berria deitu du, ordubete beranduagorako, Bateraezintasunean Behin Behineko Batzordeko kideak izendatzeko xede bakarragaz.
Alderdien ordezkaritzak. Bizkaiko Foru Aldundiaren 12. agintaldian, 51 batzarkideetatik 23 izango dira EAJkoak, 15 EH Bildukoak, 8 PSE-EEkoak, 3PPkoak eta 2 Elkarrekin Podemosekoak. Azken horiek Talde Mistoan egongo dira (eurak bakarrik). Maiatzaren 28ko hauteskundeetan bost hautetsi gehiago lortu zituen EH Bilduk, horietako bi Busturia-Uribe barrutian; koalizio abertzalean aldaketa bat egon da, Galder Agudok ez duelako egiaztagiririk aurkeztu, eta Edriga Aranburu lekeitiarrak ordezkatuko du bera, Busturia-Uribe barrutian. Alderdi popularrak ere ordezkaritza bat gehiago edukiko du, eta EAJk eta Elkarrekin Podemosek bi eta lau jarleku galdu zituzten, hurrenez hurren. Alderdi jeltzaleak Busturia-Uribe barrutian galdu zuen batzarkide bat.
Aurten, 24 emakumezko eta 27 gizonezko egongo dira, eta 51 batzarkideetatik 26 estreinako egongo dira Bizkaiko Batzar Nagusietan.