98 taldek parte hartuko dute Pasealekuko Torneoan
62 taldek izena eman dute Pasealekuko futbito txapelketan, 21ek saskibaloiko lehian eta 15 bikotek pilotan. Astelehenetik abuztuaren 4ra bitartean lehiatuko dituzte haur, gazte eta heldu mailako partiduak.
Pasealekuko 36. Udal Kirol Torneoak Gernika-Lumoko haur, gazte eta helduei kirola eta aisialdia uztartzeko aukera eskainiko die berriro. 98 taldek izena eman dute astelehenean hasi eta abuztuaren 4an amaituko den txapelketan: 62 taldek izena eman dute futbitoan, 21ek saskibaloiko lehian eta 15 bikotek pilotan.
Ekimena udal administrazioaren eta herriko kirol talde nagusien artean antolatu dute elkarlanean: Gernika Futbol Sala, Gernika KESB eta Arkupe. Horien helburua da kirola eginez “ondo pasatzea” eta udalerriko jendea “giro ederrean” mugiltzea. Hori dela eta, txapelketen xehetasun guztiak azaldu zituzten atzo.
Orokorrean, parte hartzea igo egin da lehia guztietan. Futbito kategorian, guztira 62 taldek eman dute izena, iaz baino 17 talde gehiagok. “Batez ere, kategoria txikietan igo da parte hartze kopurua”, zehaztu dute antolatzaileek.
Benjamin kategorian bederatzi talde (iaz lau izan ziren) egongo dira, eta alebinetan 11 (iaz sei egon ziren). Bi kategorietan, bi multzotan banatu dituzte parte hartzaileak, eta multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeak sailkatuko dira hurrengo fasera. Infantiletan zazpi talde daude, iazko kopuru bera, eta kadeteetan zortzi, iaz baino hiru talde gehiago. Infantilen artean lehenengo laurak sailkatuko dira hurrengo fasera, eta kadeteak bi multzotan banatuko dituzte, eta, horien artean, multzo bakoitzeko lehenengo biek egingo dute aurrera.
Senior mailakoei dagokienez, izena eman duten 27 taldeak (iaz 25 ziren) sei multzotan banatu dituzte, eta multzo bakoitzeko lehenengo biek eta hirugarren postuan gelditzen diren lau onenek egingo dute aurrera.
Partidu batzuk 21:00etan jokatu beharko dituztela zehaztu dute antolatzaileek, izen emate kopurua “handia” izan delako: “Ez da erraza izan dena antolatzea, eta asteburuetan partidurik ez jokatzeko, 21:00etan jarri behar izan ditugu zenbait aurrez aurreko”. 16:00etan hasiko dira norgehiagokak, baina bero handia eginez gero, ordu horretako partiduak beste ordutegi batean jokatzea aztertuko dutela esan dute.
Nagusi mailan parte hartze gutxiago.
Saskibaloian ere, parte hartzaile kopuruak gora egin du, hala ere, nagusien mailan jaitsi egin da kopurua. Nagusietan, 11 talde ariko dira lehian, infantiletan sei, eta kadete-junior mailan, berriz, lau.
Nagusietan, bi multzo osatu dituzte, sei eta bost taldegaz bakoitza, eta final laurdenetara sailkatuko dira multzo bakoitzeko lau onenak. Infantiletan, berriz, lehenengo laurek jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta kedete kategorian, lehenengo biak zuzenean sailkatuko dira finalera.
Lau laurden izango dituzte partiduek, 10 minutukoa bakoitza, baina ez da denbora geldituko. “Partidua parekatua bada, azken bi minutuetan bakarrik geldituko da erlojua”, zehaztu dute antolatzaileek.
Infantil eta kadete mailetan antolatzaileak izango dira epaile lanetan eta mahaia kudeatzen ariko direnak, baina nagusien kategorian, taldeak eurak izango dira arduradunak.
Esku pilotan, berriz, 15 bikotek eman dute izena, eta bost bikoteko hiru multzotan banatu dituzte horiek. Talde bakoitzeko bi onenak eta hirugarren postuan geldutzen direnetatik bi onenak sailkatuko dira finalaurrekoetara. “Printzipioz partida kopuru bera jokatuko dute bikote guztiek, beraz, sailkapenerako puntuazioa eta aldeko eta kontrako tantoen arteko diferentzia hartuko da kontutan”, jakinarazi dute antolatzaileek.
Hurrengo partidua jokatu behar dutenek egin beharko dute aurreko partiduan epaile lana, baina, azken partiduan, lehen partidua jokatu duten bikoteetako bat izango da epailea.
Finalak.
Abuztuaren 3an eta 4an jokatuko dira finalak; saskibaloikoak eta pilotakoak abuztuaren 4an izango dira, baina futbitokoak bi egunetan lehiatuko dituzte. Futbiton, benjaminek, alebinek eta infantilek jokatuko dute abuztuaren 3an, eta nagusien txanda izango da 4an. Gero, sari banaketa ekitaldia egingo dute.
Iazko lege berberak izango dituzte aurten, eta zehaztu dutenez, talde bakoitzeko jokalariek euren izen-abizenak esan beharko dituzte partidua hasi aurretik, “tranparik ez egoteko”. Hiru diziplinetan, gainera, errespetua eskatu dute, bai aurkariekiko, bai epaileekiko, bai mahaikoekiko. “Errespetu faltak zigortu egingo ditugu”, abisatu dute antolatzaileek. Futbitoko sailkapen eta emaitzak Winner izeneko aplikazioan egongo dira ikusgai