Laga Loggin "oso arrakastatsua" izan da aurtengoa
Camila Michetti, Jon Irigoien eta Imanol Mugika gailendu dira txapelketako hiru finaletan. Antolatzaileak asebeteta agertu dira aurtengo ekitaldiagaz.
Joan den zapatuan [ekainak 17] Laga Loggin surf txapelketa egin zuten Ibarrangeluko Laga hondartzan. Denetariko maila nahiz jatorrietako surfzaleak 08:30ean elkartu ziren, gustukoen duten kirolaz, lagunarteko giroaz eta itsasoaz gozatzeko. Antolatzaileek, aurten, lehiaketari “presioa eta tentsioa” kentzeko hautua egin dute, “aisialdia eta ludikotasuna” bultzatzeko. Eguraldia ez dute oso lagun eduki aurtengo ekitaldian, baina antolakuntza lantaldekoek “balorazio bikaina” egin dute: “Itsasaldiekin eta egurealdiagaz uneren batean estu samar egon ginen arren, aurtengo Laga Loggin oso arrakastatsua izan da”.
Goizez eta arratsaldez egin zituzten surf txandak eta, bien bitartean, bazkaritan elkartu ziren parte hartzaile guztiak. Partaide guztiek elkarregaz egin zituzten lehen bi txandak, baina finalak, ostera, hiru izan ziren: emakumezkoen finala, gizonezkoen Longo Molongo finala eta gizonezkoen Lagers finala. Azken biak estiloaren araberakoak izan ziren. Emakumezkoen artean, Camila Michetti italiarra gailendu zen, bere herrikide Giulia Mattiazziren eta Marina Carbonell brasildarraren aurretik. Longo Molongo finalean, Jon Irigoien plentziarrak aurrea hartu zien Alessandro de Martini italiarrari eta Clovis Donizzetti miarriztarrari. Lagers finalean, berriz, Imanol Mugika donostiarra nagusitu zen, Juan Otxoa sopeloztarraren eta Jon Lauzirika gernika-lumotarraren aurretik sailkatuz.
Mailari eusteko asmoz. Finalen ostean, afaritan elkartu ziren surflari zein antolatzaile. “Elkarregaz gozatzeko eta taldea sortzeko unea” izan zela adierazi dute antolatzaileek. Sari banaketa mahaiaren inguruan bertan egin zuten. Jarraian, gainera, Ibarrangeluko jaietara joan ziren euretako zenbait: “Garrantzirik gabeko zer edo zer dirudien arren, horrelakoek ere eguna borobiltzeko eta talde sentipena sendotzeko lagungarriak dira”. Hurrengo urtera begira, lehenik eta behin “indarrak berreskuratzea” eta “aurtengoari eustea” dute buruan. Zentzu horretan, jendeak emandako iritzia alde dute: “Badirudi parte hartzaileei zein ikusleei txapelketa hau arrazoi berezi batzuengatik gustatzen zaiela; atsegin dute Lagan sortzen den etxeko giroa, hain hurrekoa eta polita dena. Beste surf lehiaketa ez bezala, hemen pertsonak dira lehenengoa, eta ez konpetizioa bera”.