Argi Baltza bertsolari gazteen sariketak baditu sei finalistak
Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi gernikarrak, Aissa Intxausti lekeitiarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Oihana Arana eta Maialen Akizu ariko dira, domekan, 18:00etan, Muxikako Urretxindorran lehiatuko den finalean. Domekako azken saioa Akizuk irabazi zuen.
Erabakita geratu da Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako finalistak nortzuk diren. Aitor Etxebarriazarraga eta Ibai Amillategi gernikarrak, Aissa Intxausti lekeitiarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Oihana Arana eta Maialen Akizu ariko dira, domekan, 18:00etan, Muxikako Urretxindorran lehiatuko den finalean; Ane Zuazubiskarrek eta Josu Sanjurjok lortu zuten finalera sailkatzea, baina arazo pertsonalen ondorioz, ezin dira finalean egon, eta euren lekua hartuko dute Amillategik eta Ondarok.
Eguraldia tarteko, Ajangizko frontoian lehiatu ordez, kultur etxean jokatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa. Akizu, Sanjurjo, Amillategi, Ondaro, Maddi Agirre eta Kerman Diaz aritu ziren bertsotan, eta Akizu nagusitu zen jendez gainezka egon zen aretoan; 210,5 puntu eskuratu zituen irabazleak.
192,5 puntugaz, bigarren sailkatu zen Sanjurjo, eta hirugarrena izan zen Amillategi: 188,5 puntu bildu zituen. Haren atzetik, 185 puntugaz, Ondaro izan zen laugarrena, eta, 165,5 puntugaz, berriz, Agirre. Seigarren postuan geratu zen Diaz, 159,5 puntugaz.
Horiek horrela, azken saioko sei bertsolarietatik bik lortu dute, hiru kanporaketetako puntuazioak aztertuta, domekako finalean egotea: Amillategik eta Ondarok. Horiez gain, puntuazioaren arabera sailkatu dira finalera Intxausti eta Arana, eta, saioak irabaztearren, berriz, Akizu eta Etxebarriazarraga.
Hiru kanporaketak amaituta, finala dute azken erronka Lilibertsokoek, eta domekarako gogotsu ari dira lanean. “Muxikako Urretxindorra jendez betetzea espero dugu, Muxikak beti erantzun duelako ondo. Polita izango da finala”.