Agur borobila Gorpuzti jaiei
Paella Txapelketa eta pilota partiduak izan dira herriko jaietako bigarren asteburuko ekimen nagusiak.
Ibarrangelutarrek goiko kotan amaitu dituzte Gorpuzti jaiak. Herriko jaietako lehendabiziko asteburuaren balorazio “oso ona” eginda, mailak ez du behera egin bigarren eta azkenengoan ere herritarrak jai giroan elkartu dira. Zapatuko [ekainak 17] Paella Txapelketa izan zen jende gehien bildu zuen ekimenetako bat. “Herritarrak, udatiarrak eta inguruko herrietako jendea” batu ziren Ibarrangelun; guztira, zortzi lagunartek izena eman zuten lehiaketara, eta Txosnakuek taldekoak nagusitu ziren. Edozelan ere, antolatzaileek argitu dute aurkeztu zirenez gain beste “hainbat eta hainbat” paella egin zituztela: “Zortzi aurkeztu arren, jende pila bat bertaratu zen txapelketaz eta jai giroaz gozatzera; beste urteren batean are jende gehiago egon izan den arren, benetan pozik gaude aurtengoagaz”.
Bazkalostean “lasai asko” egon ondoren, pilotalekua bihurtu zen jaietako epizentro. Bertan lehiatu zituzten, hain zuzen ere, hainbat kategoriatako pilota partiduak. Eskuz eta palaz jokatu zituzten partiduak gizonezko nahiz emakumezkoek, eta azkenengoa, gizonezko nagusi mailakoa, izan zen jarraituena: Jon Ander Peñak eta Aitor Arangurenek Iñaki Artolaren eta Jon Ander Albisuren kontra neurtu zituzten indarrak, eta lehenengoek irabazi zuten. “Herritarrek goi mailako esku pilota partidua ikusteko aukera eduki zuten, eta guztiak izugarri gozatzen ikusi genituen”, adierazi dute antolatzaileek.
Zapatu gaua eta herriko jaiak hasi zituzten legez amaitu zituzten: musikagaz eta giro atseginagaz. Mariatxi Tierra de Oro taldekoek mexikar doinuz jantzi zuten udaletxe aurreko eta tabernen inguruko gunea, eta, urtero legez, “harrera bikaina” eduki zuela azaldu dute: “Adineko jendeari asko gustatzen zaizkio tankera horretako emankizunak, baina baita gazteei ere”. Atseden hartzeko tarte barik, marietxiei Siesta Destroyer DJak eman zien erreleboa, eta bere emanaldiagaz burutu zituzten jaiak.
Aurtengoagaz pozarren. Bai egitarauak edukitako harrerari dagokionez, bai eskaintzaren aniztasunari helduta, antolatzaileak “pozarren” agertu dira aurtengo gorpuztiekin: “Balorazio ona egiten dugu, dena prestatu modura atera delako; adin eta profil denetarako jaiak antolatzen saiatu gara, jende berria ere gehitu zaigu, eta uste dugu guztiak asebetetzea, behintzat, lortu dugula”.