Suak berotutako auzoetako jaien argia
Zenbait herritako jai nagusiak dira sanjoanak, baina auzoetan ere badago zer ospatu urteko egunik luzeenetan. 2. Buelta Kanpantxun batuko dira Kanpantxun, eta Ajurian jaiei bultzada ematen segiko dute.
Suaren inguruan dantzan hasteko egunak heltzear daude. Datozen egunak edabe eta konjuruen errezetak berreskuratutzeko, eta gertaera txarrak atzean uzteko aprobetxatuko dituzte herritarrek, baita desio berriak eskatzeko ere. Herrietako jai nagusietan murgilduko dira batzuk, baina auzoetan ere badago zer ospatu.
Udako egun luzeei aurre egiteko denetariko egitarauak prestatu dituzte Gernika-Lumoko San Juan Ibarran, Errigoitiko Sallobanten, Ereñoko Gabikan, Mendatako Lamikizen, Muxikako Ajurian, Ajangizko Kanpantxun eta Morgako Ganben.
San Joan eguna ekainaren 24an ospatzen bada ere, aurreko eta osteko egunetan ere jai giroan murgilduko dira herritarrak. Bermeotarrek, esaterako, Gaztelugatxen aurkitzen dute sanjuanetako xarma; horietako askorentzat ez dago San Juan egunik Gaztelugatxera joan barik; aurten, San Juan egunean, ez da tiketik beharko bertara joateko. Gero, herrira itzuli eta 20:00etan Altxa Porru erromeriaz gozatzeko aukera edukiko dute.
Kanpantxun, Buelta Kanpantxu lasterketa berreskuratuko dute oraingoan, eta bigarrenez lehiatuko dute; pandemia aurreko urtean egin zuten lehenengoz, eta ordutik ez da lasterketa berriz antolatu. Lehengo, 550 metroko ibilbidea osatuko dute gaztetxoenek, eta, ostean, 4,90 kilometroko lasterketa lehiatuko dute nagusiek. Plazan hasiko dira, eta Bengoetxe, Laubide, Estilotza eta Zubialde igaro ostean, plazan amaituko dute. Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute proba hasi aurretik, eta antolatzaileek zehaztu dutenaren arabera, izen emateetatik batutako dirua Batera Gara elkarteari bideratuko diote.
Gernikako San Juan Ibarran jai handiak dira sanjoanak, eta indartsu datoz. Segundo Olaeta Musika Eskolakoen Rock & Band hartuko du plazak San Juan bezperan, eta ur jokoek eta kale antzerkiak girotuko dute sanjuan eguneko arratsaldea. Zirkiñik Bez erromeria taldeak ere kontzertua eskainiko du. Eta, jaiak txokolate janagaz agurtuko dituzte.
Ibarruriko Ajurian iaz berreskuratu zituzten sanjuanetako ospakizunak, eta, oraingoan ere, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako andreek eiren ikuskizuna aurkeztuko dute ekainaren 23an: San Juan Gaueko ikuskizuna. Hurrengo egunean, herri bazkarian eta umeen jolasetan batuko dira, eta hilaren 25ean, Basotxoritxu dantza taldearen ikuskizunaz gozatu ahalko dute Ajurian.
Errigoitin, umeentzako antzerkiak girotuko du San Juan bezpera, eta asto probak lehiatuko dituzte San Juan Egunean.
Mendatako Lamikiz auzoan tradizioan oinarritutako jarduerek ez dute hutsik egingo: Lamikiz auzoko San Juan baselizan emango dute meza, eta musikagaz girotuko dute ingurua. Pintxoak eta edariak izango dituzte bertaratzen direnentzat.
Morgako Ganben, ohiko herri bazkarian, tute txapelketan eta txokolate eta sardina janean bilduko dira, gaua disko festagaz amaitzeko.