Beñat Etxebarriaren kartelak iragarriko ditu Andra Mari eta San Roke jaiak
Hamabi proposamen aurkeztu dira guztira, eta, horien artean, Beñat Etxebarriarena aukeratu dute kartel irabazletzat.

Abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak, eta horiek iragartzeko kartel lehiaketa jarri zuen martxan udalak. Hamabi proposamen aurkeztu dira guztira, eta, horien artean, Beñat Etxebarriarena aukeratu dute kartel irabazletzat.
Hala, legutiotarraren kartela izango da udalerriko jai nagusiak iragarriko dituena. Herriko jaien nortasuna eta ikonografia jasotzen du kartelak, eta horregatik aukeratu dute onenatzat.
Bezperada eguna irudikatu du artistak kartelean, eta pregoiaren aurreko eta osteko irudiak jaso ditu, bozgorailua duen emakume bat erdigunean kokatuta. “Prozesu bat irudikatzen du kartelak: pregoia jaurtitzeko momentutik jaitsierara arteko momentuak biltzen ditu. Goian, txupina jaurti aurreko momentuak daude jasota, eta behean, jaitsierakoak. Gernikako jaietako bi elementu nagusiak dira”, azaldu du Etxebarriak. Momentu horiek udalerriko jaietako elementu kulturalekin osatu ditu: kamiseta zuria, zapia, gona eta kolore urdina.
Komiki itxura “apurbat” ere badaukala dio artistak, tipografia eta kolorea kontutan hartuta. Gainera, lehengo eta gaur egungo elementuak uztartzen ditu: “70eko hamarkadako itxura dauka emakumeak, baina gaur egungoak dira jaitsiera aurreko eta osteko irudiak”. Berarentzako urteko gertakari “garrantzitsuenetakoak” dira jaiak, eta urteak igaro ahala, tradizioan oinarritutako festek aurrera egiten jarraitzen dutela jaso gura izan du kartelean: “Jaiak denboran barrena jasotzea polita da. Ohitura hori aintzat hartuta irudikatu dut. Gaurkotasun puntua dauka kartelak, baina lehengo denboretako erreferentziak ditu”.
Aurkeztutako beste lan guztiak Elai-Alai areto txikian daude ikusgai.