Bermeoko artisten lanak, ikusgai
Barrueta Arte Elkarteko tailerretan parte hartzen duten artista nagusiek egindako artelanak ikusgai daude domekara bitartean, Nestor Basterretxea aretoan. Benito Barruetari bere lekua gorde diote erakusketan.
Artea gustukoa dute bermeotarrek, eta asko dira Barrueta Arte Elkarteko tailerretan parte hartzen duten herritarrak; ume zein nagusiek parte hartzen dute, gainera.
Ikasturtean tailerretan landutakoa erakusteko unea iritsi zaie Bermeoko artistiei ere. Artista nagusiek egindako artelanak Nestor Basterretxea aretoan jarri dituzte ikusgai. Teknika desberdinak, tamainu desberdinak, kolore desberdinak… ikusi daitezke aretoko hormetan zintzilik, eta domekara bitartean bisitatu daitezke, 19:00etatik 21:00etara bitartean.
Bertoko zein kanpoko paisaiak, abstraktuak, erretratuak… ikasle bakoitzaren gustura landutako lanak daude.
Aurten, gainera, leku berezia gorde diote erakusketan Benito Barruetari. Arrantzaleen Museoa kokatuta dagoen Ertzilla dorretxean jaio zen artista bermeotarra duela 150 urte; hala, museoaren 75. urteurrena baliatuta, Barrueta paper gainean erakusketa daukate museoan ikusgai. Barrueta Arte Elkartekoek ere omenaldi txiki bat egin gura izan diote, berarentzako lekutxo bat gordeta.
Bekoportalen umeenak. Herriko txikienek tailerretan egin dituzten artelanak ikusteko datorren astera arte itxaron beharko da. Izan ere, hilaren 22an (eguena) jarriko dituzte ikusgai Bekoportalen. Arratsalde horretan bertan ipiniko dituzte eta, horren ondoren, Gizarte eta Kultura Etxeko Ludotekako eta Gaztelekuko beirateetan eskegiko dituzte.