850 txirrindulari baino gehiagok parte hartuko dute Oiz Erronkan
Aurreko urteetan ez bezala, San Juan kalean egongo da irteera eta helmuga lekua, eta Merkatu plaza ingurua ere itxita egongo da.
Gernika-Lumoko Aixerrotape Txirrindulari Elkarteak antolatuta, zapatuan (ekainak 17) izango da Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista izenagaz ere ezagutzen den Oiz Erronka Martxa Zikloturistaren XIII. edizioa. Bingen Fernandez bermeotarra da aurtengo omendua, eta, beraz, berak jantziko du 1 zenbakidun dortsala.
Txirrindulariek hiru ibilbide dauzkate aukeran oraingo honetan ere: Gozatu Urdaibai (72 km-ko iraupen martxa), Bizkaiko Kostaldea (128 km-ko iraupen erdiko martxa) eta Oiz Erronka (164 km-ko iraupen luzeko martxa). Lasterketa laburrena egingo dutenak 10:00etan aterako dira, eta beste bietatakoak, berriz, 08:00etan.
128 kilometroko lasterketan egongo da parte hartze handiena; 400 bat txirrindularik egingo dute, eta, horrez gain, antolatzaileek nabarmendu dute urtez urte emakumeen kopurua “gorantza” doala, eta aurten, “ia 100 emakumek” parte hartuko dutela. Orokorrean, urtetik urtera hazten eta egutegian sendotzen ari den proba da, eta azaldu dutenez, azken momentura arte izena emateko eskariak jaso dituzte. Aurreikuspenak gaindituta, “oso pozik” daude.
Aurrekoetan ez bezala, San Juan kalean hasi eta amaituko dute proba. “Azkenengo urteetako zirkuitu berdina da, baina irteera eta helmuga lekua aldatu ditugu. Aldaketa garrantzitsua da, aurrekoetan Santa Anako parkinean egin izan dugu, herritik apur bat aldenduta egon gara, eta uste dugu horrela herrira hurbiltzen garela”.
Oiz Erronka Hiria. Biharko antolatu duten Oiz Erronka Hiria da aurtengo berrikuntza nabarmenena. 11 stand egotea lortu dute, eta, bezperatik, “jai giroa sortu” gura dute: “Gure jaialdia hor hasten da”.
17:30etik aurrera, bizikleta dendak, Ebike alokairuak, ekipazioa, nutrizioa, biomekanika, bizikleta klasikoak, Urdaibaiko Esentziak gastronomia gunea… egongo dira, eta izena eman duten txirrindulariek 17:45etik aurrera jaso ahalko dituzte dortsalak. Gainera, 21:00ak bitartean musikaz girotuko dute eremua. Zapatuan ere Urdaibaiko Esentziak gune gastronomikoa egongo da, 12:00etatik aurrera.
Aipatutako berrikuntzen ondorioz, San Juan kaleaz gain, Merkatu plaza ingurua itxita egongo da, eta herritarrei “pasientziaz hartzeko” eskatu diete. Era berean, errepidean “txirrindulariak errespetatzeko” eskatu dute.
Beste behin, babesleen zein boluntarioen lana eskertu eta azpimarratu dute antolatzaileek: “Jende piloa behar dugu dena egiteko, jendea beharko genuela esan genuen, eta jendearen erantzuna bikaina izan da, beste behin. Gure ardurapean 1.000 pertsona baino gehiago egongo dira, eta oso garrantzitsua da kolaboratzaileen eta jendearen parte hartzea”.