Ikasturtea agurtzeko batu dira Bermeo eta Busturiko Berbalagunak
Udan ere berbalagun taldeak egongo dira bi herrietan, eta ekainaren 23ra arte izena eman daiteke.
Urritik ekainera bitartean talde desberdinetan parte hartu duten Bermeo eta Busturiko berbalagunak bazkaltzeko batu dira egunotan.
Bermeotarrek joan den barikuan izan zuten elkartzeko hitzordua, bazkaltzeko batu ziren, bai astero elkartu izan direnak, baita antolatutako ekintza eta tailerretan parte hartu dutenak ere. “Oso ondo” pasatu zuten eguna, “eguerdian hasita”. Elkarrekin bazkaldu ostean, portura bajatu ziren bazkalostean, eta iluntzera arte luzatu zuten topaketa, “uda eta gero berriro elkartuko garelakoan”.
Busturiarrak, berriz, astelehenean batu ziren. San Kristobalen batuta, Muruetako Kamiñokora joan ziren paseoan, bertan bazkaltzeko; sei laguneko taldea batu ziren eta “gustura” egon zirela diote. Bazkalostean, paduretatik egin zuten Murueta eta Forua arteko bidea.
Jakitera eman dutenez, irailaren amaieran hasiko dira hurrengo ikasturteko taldeak antolatzen, baina bi herrietan udan ere berbalagun taldeak egongo direla gogorarazi dute, eta ekainaren 23ra arte izena eman daiteke 607 60 95 80 telefono zenbakira deituta edo mezu bat bidalita. Bermeon, udako taldea uztailaren 5ean martxan hasiko da, 19:30ean, Lameran. Busturian, berriz, uztailaren 12an hasiko dira batzen, 10:00etan, Axpe auzoan. Bi taldeak eguaztenetan batuko dira, eta jakiyera eman dutenez, taldeetan erabakiko dute noiz arte batuko diren.