Bi hitzordu, Gesto por la Paz zarratu zeneko 10 urteurrena gogoratzeko
Bihar [ekainak 15], Joseba Eceolaza idazleak 'ETA: la memoria de los detalles' bere liburua aurkeztuko du, eta etzi [ekainak 16], 'Gesto' dokumentala proiektatuko dute.
Gesto por la paz zarratu eta 10 urtera, bi ekitaldi antolatu ditu Gogoan, por una memoria digna taldeak Gernika-Lumon. Bihar [ekainak 15], 18:30ean, Joseba Eceolaza idazleak ETA: la memoria de los detalles bere liburua aurkeztuko du kultur etxean, eta etzi [ekainak 16], 19:30ean, Gesto izeneko dokumentala proiektatuko dute Lizeo Antzokian.
Liburua “memoria” dela dio Marta Buesak Eceolazaren liburuaren berbaurrekoan: “Liburuan historia zirraragarri batzuen zehatasunak edo detaileak jasota daude. Ikaragarriak baina beharrezkoak dira era fisikoan eta moralean itsututa euki gaituen benda kentzeko eta ETAren terrorismoak eragindako kaltearen gaineko kontzientzia etikoa berbizteko”. Liburua hausnarketarako gonbidapena dela dio.
Etziko dokumentalak, berriz, Euskal Herrian bakearen alde eta indarkeriaren kontra lan egin zuen euskal bakezaletasunaren memorian zehar egindako “bidaia” lantzen duela diote Gogoan, por una memoria dignakoek. “Gesto por la Paz taldeko pertsonaia nagusiek iraganeko irudien bistaratzearen bitartez, erakunde bakezale honen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur indarrean daudela ikustera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak”, diote antolatzaileek. Dokumentalaren ostean, Jesus Herrero dokumentalaren partaideagaz berbaldian elkartuko direla adierazi dute; sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.
2017an hasi ziren dokumentalaren prestakizunetan, eta bidean sortutako “arazo guztiei” aurre egin behar izan diete. Gainditzeko arazorik gogorrenetakoa, proiektuaren finantzaketa izan zen: “Administrazio publikotik hartutako laguntzak nahikoa izan ez, eta beste bide batzuk urratu behar izan ziren; esaterako, crowdfunding kanpaina bi egin ziren”. Ondorioz, bi diru iturri izan ditu dokumentalak: alde batetik, instituzioen laguntza publikoa (Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gogora Memoriaren Institutua, Terrorismoaren Biktimen Oroitzapen Zentroa), eta, bestetik, kaleko jendeak emandakoa. “Gesto por la Paz izan zen moduan, Gesto proiektua oso herritarra da. Gogoan por una memoria dignak egindako ekimenik garrantzitsuena izan da. Gizartean gertatutakoaren memoriarako ahalegina da, atzera begira baino gerora begira dagoen memoria dena, jendeak ondo ezagutzeko zer egin zuen erakunde bakezale honek, bere motibazioak zeintzuk izan ziren”.