TAO zerbitzua berraktibatuko du Gernika-Lumoko Udalak, gune arrosa berriagaz
Etzi [ekainak 15] hasiko da martxan TAO zerbitzua Gernika-Lumon, eta egonaldi luzeetarako gune arrosa izango da berritasuna. Zerbitzuaren erabiltzaileek elparking izeneko aplikazio mugikorraren bidez kudeatu ahal izango dute araututako aparkalekua orain.
Etzi [ekainak 15] TAO zerbitzua martxan jarriko duela jakinarazi du Gernika-Lumoko Udalak, bando bidez. Oharrean zehaztutakoaren arabera, zerbitzuaren aktibazioak herritarrentzako “zenbait hobekuntza” ekarriko ditu, eta “eten aurreko baldintza eta ordutegi berean” hasiko da. Beraz, astelehenetik barikura, 08:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da martxan, eta, zapatuetan, berriz, goizez bakarrik. Udal ibilgailuen erroldan dauden turismo, motor eta ziklomotorrentzat doakoa izaten jarraituko du.
Berritasun nagusietako bat da arrosa koloreko eremu berria araudian sartzea. “Eremu hori herrigunetik urrunen dauden auzoetan dago seinaleztatuta, eta egonaldi luzeetarako baino ez da izango”. Kolore horretako guneak Errenterian daude, baita Carlos Gangoitin eta Juan Kaltzadako zati batean ere. Gainerako bideek kolore berberak izango dituztela azaldu dute.
Gogoratu dute TAO txartela dutenek egun osoan aparkatu ahal izango dutela kolore urdineko eremuetan, eta txartelaren jabeentzat berdean aparkatzea doakoa izango dela, lehenengo bi orduetan. Gune gorrian, berriz, txartelaren jabeek ere ordaindu egin beharko dute.
Hobekuntza berriak. Zerbitzuaren erabiltzaileek elparking izeneko aplikazio mugikorraren bidez kudeatu ahal izango dute araututako aparkalekua orain. Horrela, aparkatzeko denbora luzatu ahal izango dute mugikorraren bidez eta ibilgailura itzuli beharrik barik. Era berean, ibilgailua hasiera batean zehaztutako denbora baino lehen mugituz gero, “ordainketaren zati bat berreskuratu” ahal izango dute: “Ordaindutakoa berreskuratu ahalko da, baldin eta eremu urdinean ordaindu den denbora guztia bete baino lehen ibilgailua mugitzen bada”.
Ohartarazi dute, gainera, ez dela beharrezkoa izango tiketa autoan jartzea. “OCR sistemako PDA gailu elektronikoaren bidezko kontrola egingo da”, zehaztu dute.
Aparkalekua ordaintzeko eran ere, aukera bat baino gehiago eskaini dute TAOko makina berriek: banku txartelaren bitartez ordaindu ahalko dute erabiltzaileek, baita txanpon edo mugikorraren bidez ere.
Udal arduradunek jakinarazi dute, 2020an egoiliar txartela izanda zerbitzua etenda egon zen aldirako dirua itzultzeko eskatu ez zuten egoiliarrek ez dutela zerbitzua oraindu beharko 2023an.
TAO txartela eskuratu gura dutenek San Juan kaleko 23. zenbakian egin beharko dute tramitazioa.