Kultura sustatzeko diru laguntza banatuko du Gernika-Lumoko Kultur Etxeak
Helburua da udalerriko kultura eskaintza sustatu eta egonkortzea. Diru laguntza eskatzeko epea irailaren 29ra artekoa izango da, azken eguneko 14:00ak bitartean.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak kultura jarduerak gauzatzeko diru laguntza deialdia zabaldu du. “Herriko gizarte eta kultur arloa sustatzeko diru laguntza da, kultur elkarteek aurten garatu beharreko kultur programak eta jarduerak finantzatzeko asmoz banatuko dena”, azaldu dute.
Izan ere, diru laguntzaren helburu nagusia da udalerriko kultura esparruan zerbitzu eskaintza sustatzea eta egonkortzea; arlo horretan jarduten duten elkarteei edo norbanakoei zuzendutako laguntza da, kulturarekin zerikusia duten irabazi asmorik gabeko hainbat jarduera eta programa egitekoa. “Diruz lagundu ahal izango dira erakunde onuradunak egindako gastuak, baldin eta diru laguntzaren xedearekin zuzenean eta objektiboki lotuta badaude, eta diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik barik erantzun badiote”, zehaztu dute.
Laguntza banatzerakoan, diruz lagundutako kultura jarduerak publikoak eta udalerriko herritar guztiek gozatzeko modukoak izan beharko dira. Aukera eta hezkuntza errentagarritasuna eta genero berdintasunean proiektuek izan dezaketen eragina ere aztertu eta baloratuko dute.
Proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ere kontuan hartuko dute, baita jardueraren originaltasuna ere. Proposamenean edo jardueraren zeharkako balioei emandako tratamendua ere ikusiko dute, hala nola euskara eta euskal kultura bultzatzeari, hizkuntzaren eta irudiaren erabilera ez sexista egiteari edota 2030 Agendan definitutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak bultzatzeari.
Deialdian jasotako baldintzak betetzen dituzten kultura taldeek jaso ahal izango dute laguntza hori, Gernika-Lumon egin beharreko aparteko edo unean uneko kultura jarduerak garatzeko.
Irailaren 29ra arte. Diru laguntza eskatzeko epea irailaren 29ra artekoa da, azken eguneko 14:00ak bitartean. Eskaera orria kultur etxearen webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus) edo udalaren atarian (www.gernika-lumo.eus) deskargatu daiteke, eta hori bete ostean, interesatuek kultur etxean edo emailez (kultur-etxea@gernika-lumo.eus) aurkeztu beharko dute “laguntzaren xede den jarduera edo proiektuaren azalpena memoriagaz batera”.
Memoriagaz batera aukreztu beharko dira: urtean egin beharreko proiektuaren edo jardueraren memoria ekonomikoa eta aurrekontua, diru laguntza ordaindu ahal izateko banketetxeko zenbakia eta diru laguntzaren eskatzailearen erantzukizuneko adierazpena. Gainera, diru laguntza lehenengo aldiz eskatzen duten elkarteek erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita elkartearen memoria eta arduradunaren edo eskatzailearen Nortasun Agiria eta elkartearen IFKren fotokopia ere.
Diru laguntza epe bakarrean ordainduko da, eta zenbatekoa ez da izango diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.