Helburua lortuta: Lehentasunezko Mailan ariko da Gernika Sporting
Retuerto Sport taldearen aurkako play-offetako bigarren partidua 2-0 galdu arren, etxean lortutako 3 goleko abantailak 2023-2024 denboraldian Lehentasunezko Mailan aritzea ekarri die Gernika Sportingekoei.
Ametsa egi bihurtu eta urte osoko esfortzuak saria ekarri die: Gernika Sporting lehenengoz ariko da Lehentasunezko Mailan. Retuerto Sport taldearen aurkako play-offetako bigarren partidua 2-0 galdu arren, etxean lortutako 3 goleko abantailak 2023-2024 denboraldian Lehentasunezko Mailan lehiatzea ekarri die talde gernikarreko jokalariei.
Lurraldeko Lehen mailako kategorian mantentzea zen Gernika Sportingen denboraldi hasierako helburua, baina ezustekoa eman zuten, eta liga bigarren postuan amaitu ondoren, play-offak jokatu eta mailaz igotzea lortu dute. Gernika Sportingen 41 urtetako ibilaldian historia egin dute, lehenengoz ariko baita talde gernikarra maila horretan. “Pozik” daude jokalariak, denboraldia borobildu dutelako: “41 urtetan lehenegoz igo da taldea Lehentasunezko Mailara, eta jokalari modura hori lortzea sekulakoa izan da. Urte guztiko lana izan da”.
Helburua lortzeko “gauza askok bat egin behar” dutela diote jokalariek, eta aurten lortu dute: jokalari onak batu behar dira, giro ona sortu, entrenatzaileekin konexio ona eduki behar da, baita zuzendaritzarekin ere. “Denak bat egin behar du, eta oso pozik gaude horregatik”, onartu dute taldeekideek.
Igoera lortzearen helburua taldekideek izan duten “konpromisoa” izan da, eta hori azpimarratu du Mikel Jaio kapitainak: “Erru asko dauka klubean sortutako giro ederrak. Konpromiso handia egon da taldean, eta hori oso garrantzitsua da. Denboraldian zehar jokalariak deskonektatzeak eragina izan ohi diu, eta aurten konpromisio handia igarri egin dugu”. Helburu ezberdinak lortzen joateak eta taldea ondo ikusteak ere lagundu die igoera fasean. “Ekainean ere, 25 pertsona batu gara entrenatzeko, eta hori ez da ohikoena izaten. Jende asko egoteak ondo joatean du eragina, eta ondo joateak jendea lotu egiten du”, diote jokalariek.
Lehentasunezko Mailan ariko dira, eta “erronka polita” dutela diote
Oraindik ez dute sinisten lortu dutena, baina datorren denboraldian dute begirada. “Oraindik ez dugu sinesten lortu duguna; horri buruz berba egin behar dugu, baina datorren urterako gogotsu gaude dagoeneko. Zelakoa izango den pentsatzen ari gara”, onartu dute jokalariek.
2-0ko markagailua. Ametsa bete dute, baina ez urduritasunik barik. Espero zutena baino partidu zailagoa izan zen zapatukoa. Bi gol jaso zituzten, eta bat ere ez zuten sartu. Aurrez aurrekoaren 85. minutuan sartu zuen Retuertok lehenengoa, eta 92.minutuan bigarrena. Sei minutuko luzapena agindu zuen epaileak, eta azken bost minutuak partidu amaiera noiz iritsiko zain igaro zituzten talde gernikarrekoek.
“Pentsatu baino zailagoa izan zen partidua. Ondo hasi ginen, eta atsedenaldira 0-0ko markagailuagaz eta jokalari bat gehiagogaz ailegatu ginen. Izan ere, 30. minutuan euretariko bat kaleratu zuten. Horrek ondo joatea eragin zigun”, azaldu dute jokalariek. Bigarren zatia ere kontzentratuta hasi zuten, eta gola sartzeko aukerak ere izan zituzten. Baina ez ziren iritsi.
Hala, espero zuten moduan, azken minutuetan defentsa lana egitea egokitu zitzaien. Retuertok erasora jo zuen, eta bi gol sartu zituen. “Eginda genuena galtzeko aukera ikusi genuen azken minutuetan, baina ez zuten hirugarrena sartu”, diote. Eurek golik ez sartzea ere arraroa izan zen: “Denboraldian bi partidutan bakarrik geratu gara gola sartu barik, eta aukerak izan arren, partidu hau horietako bat izan zen”.
Aurrera begira. Lehentasunezko mailan ariko dira datorren denboraldian, eta “erronka polita” dutela diote, beste eskakizun maila bat eskatzen duen desafioa. “Badakigu maila igoera nabaritu egingo dela, partiduak ere zailagoak izango direla. Polita izango da, eta exigentzia ere handiagoa izango da”.
Herritarrei jasotako babesa eskertu diete Gernika Sportingekoek
Taldean badaude Lehentasunezko Maila horretan aritu diren jokalariak, beste talde batzuetan lehiatu dutenak, eta beste kategoria hori ezagutzeak “lagundu egingo diela” diote. Taldea mantentzea “polita” izango zela diote, baina entrenatzaileek erabakiko dute hori: “Politena izaten da lortu dutenek gozatzea, baina entrenatzaileek erabakiko dute hori. Eurek taldearentzako onena erabakiko dute, erabakiak ere hartu behar dituztelako, eta hartzen dituztenak onartuko ditugu”.
Denboraldian jasotako babesa ere eskertu dute Gernika Sportingekoek, bai partiduetan, bai kalean jaso dutena. “Euren babesa ere erakutsi diugute eta eskertzen da. Asko nabaritu dugu”.