Xabi Barandika-Thibault Basque eta Jokin Arbe-Unai Lekerika bikoteek txapelketa irabazteko beren hautagaitzak plazaratu dituzte, lehen jardunaldian. Bigarrena barikuan [ekainak 16] jokatuko dute.
Markina-Xemeingo Grand Slamari hasiera gogorra eman zioten iragan barikuan [ekainak 9]. Iazkoaren antzean, maila handian, abiatu zuten aurtengo ekitaldia. A taldeko partiduak Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra Xabi Barandika gernika-lumotarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontra elkartu zituen. Azken bi horiek maila oso handian daudela berretsi zuten; Erkiagari eta Ibarluzeari, ostera, komunikazio apur bat falta izan zitzaien.
Argazkia: Jai Alai News.
Ibarluzeak poteprontoan nahiz zabaletara pilota gaitzak eroan zituen, baina Erkiagak behartuta jokatu zuen uneoro. Barandika-Basque ekuazioak, berriz, ez zuen inongo arrakalarik erakutsi: 3-6, 4-8 eta 5-11 aurreratu ziren lehen setean. Ispasterko eta Markina-Xemeingo bikoteak bere aukerei eusteko saiakera egin arren, beranduegi zen; Barandikak eta Basquek 8-15 irabazi zuten lehen seta.
Bigarren setaren hasiera ez ez zen erraza izan lehenengoan azpitik ibilitakoentzat; hain zuzen, 3-7 galtzen hasi dira Erkiaga eta Ibarluzea, baina lortu zuten bederatzina berdintzea. Hirugarren seta bilatzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Egoera beraien kontrolpera itzularazi zuten Barandikak eta Basquek, biak ala biak distiratatsu, eta partidua bi setetan gailenduta irabazi zuten: 13-15.
Argazkia: Jai Alai News.
Ziztu bizian. Bigarren norgehiagokan, Jokin Arbe markina-xemeindarra eta Unai Lekerika gernika-lumotarra Jean Dominique Olharan pauetarraren Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontra aritu ziren. Abiadura eta erritmoa izan ziren partiduko gidalerroak. Olharanek markatu zuen partiduaren noranzkoa hasieran, baina inor ez zen atzean geratu. Zabalak pilotakada indartsuak jaurti zizkion Lekerikari, eta Arbek ere hainbat jokalditan asmatu zuen, adibidez, 9-12koan kontrakantxan errebeskadaz amaitu zuenean. Bikote urdinak, kostata izan arren, 12-15ekoagaz poltsikoratu zuten lehen seta. Arbe eta Lekerikari, berriz, partidua iraultzea zegokien bigarrenean.
Olharanek eta Zabalak akats ugari egin zituzten bigarren setean
Esan eta egin: hainbat izan ziren Olharanek eta Zabalak bigarren setean egindako akatsak. Bulleti, gainera, zesta apurtu ere egin zitzaion. Bigarren zatian, gainera, urrats bat aurrera egin zuen partiduan zehar ia akatsik egin ez zuen Lekerikak, eta bere eskumakadak giltzarri izan ziren gorrientzat. Bikote urdinak ez zuen asmatu jokaldi ugaritan, eta 15-7 galdu zuten seta. Gainera, konfiantza gutxigaz joan ziren berdinketa haustera.
Lekerikaren eskumakadak gako izan ziren berdinketa hausteko setean
Hirugarren eta azken setean, Olharan sendo kantxaratu zen, baina 2-2koagaz Lekerikak bere eskuma martxan ipini zuen berriz. Aldeak egin zituen atzelariak. Azkenean, Arbe-Lekerika bikotearen fidagarritasuna nagusitu zen, eta azken borroka 5-3ko markagailuagaz borobildu zuten.
Argazkia: Jai Alai News.
Joan den barikuko garaileek aste honetako barikuan [ekainak 16] beste partidu gogor bana edukiko dute. 20:00etatik aurrera, Barandikak eta Basquek Alex Goitia markina-xemeindarra eta Jai Alai Winter Seriesko garaileetako bat, Imanol Lopez zumaiarra, edukiko dituzte aurrez aurre. Arbek eta Lekerikak, beren aldetik, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiar beteranoa eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarra izango dituzte aurkari.