Ane Zuazubiskar ere, Argi Baltza sariketako finalean
Mendatako garaipenagaz, Muxikan ekainaren 25ean lehaituko den finalerako txartela lortu du Ane Zuazubiskarrek, eta bertan ariko da Etxebarriazarragagaz batera. Azken kanporaketa Ajangizen lehiatuko da domekan [ekainak 18], 18:00etan.
Mendatako Idatze Etxean lehiatu zuten atzo [ekainak 11] Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako bigarren kanporaketa. Koldo Gezuraga, Koldo Muñiz, Naroa Torralba, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar eta Iker Garitagoitia aritu ziren bertsotan, eta guzti horien artean Zuazubiskar izan zen onena; iaz berak irabazi zuen sariketa.
Mendatako garaipenagaz, Muxikan ekainaren 25ean lehaituko den finalerako txartela lortu du bertsolariak, eta bertan ariko da Etxebarriazarragagaz batera. Kanporaketa bakoitzeko irabazleez gain, beste hiru bertsolariak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
193,5 puntu lortuta irabazi zuen saioa Zuazubiskarrek, eta 175 puntugaz sailkatu zen bigarren postuan Garitagoitia. Hirugarrena, berriz, Sarasua izan zen; 170,5 puntu bildu zituen. Laugarren postua lortu zuen Gezuragak, 166,5eko puntuazioagaz, eta berak baino 10’5 puntu gutxiago lortu zituen bosgarrena izan zen Torralbak; 156 puntu eskuratu zituen. Koldo Muñiz izan zen seigarrena, 154,5 puntugaz.
Atzokoan [ekainak 11], 30 ikus-entzuleren aurrean bota zituzten bertsoak bertsolariek, eta giro “polita” sortu zuten: “Saio ederra izateaz gain, giroa ere polita izan zen. Mila esker gerturatu zineten guztiei”.
Azken kanporaketa, Ajangizen. Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako hurrengo eta azken kanporaketa Ajangizko frontoian lehiatuko dute domekan [ekainak 18], 18:00etan, eta hurrengo bertsolariak ariko dira: Ibai Amillategi gernikarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Josu Sanjurjo, Maialen Akizu, Kerman Diaz eta Maddi Agirre.