Muxikeko Gazte Egune: plaza bat jaiari eta gozamenari
Txupinazoa, dantza saioa eta paella txapelketa egin dituzte dagoeneko Muxikeko XII. Gazte Egunean. Jai giroak aurrera egingo du arratsaldeagaz batera, hainbat egitasmo baitituzte aurtengo egitarauan.
Giro ederrean ari dira ospatzen gaur [ekainak 10] Muxikeko XII. Gazte Egune, udalerri horretako San Roman auzunean. Goizetik goizaldera arte, egitarau zabala eta anitza prestatu dute Erdu Muxikeko Gaztiek talde antolatzaileko kideek, eta herritarrek ez dute hutsik egin. 11:00etan ekin diote jaiari, txupin jaurtiketagaz; Lapazaran txakolindegikoak izan dira txupinazoaren arduradunak. Jarraian, paella txapelketarako izen ematearen unea iritsi da, eta, guztira, hamabi lagunartek parte hartu dute. Lehen saria Urretxindorrak poltsikoratu zuen; bigarrena, aldiz, Seberreros taldeak; hirugarren postuan, Baso Txoritxu sailkatu zen.
Baso Txoritxu Dantza Taldekoek beraien ikuskizuna eman ondoren, aurtengo egitarauko berritasunetako baten txanda iritsi da: eguerdiko musika emanaldiarena. Aurten, baina, aldaketa musika estiloak zehaztu du; izan ere, ohiko trikiti doinuei Erreten taldearen musikak hartu die testigua. Antolatzaileen arabera, aldaketa horren jomuga herriko taldeei “erakusleiho bat ematea” izan da, eta bertaratu direnek begi onez hartu dute proposamena.
Ondorengo orduetan ere ez dira musika nahiz jaia faltako: SutAM, Ziraun, Zetak, Akerbeltz eta DJ Txillardegik ipiniko diote soinu banda gauari
Parte hartze paregabea edukitzeaz gain, maila handiko paella txapelketa izan da eguerdikoa, eta bingo musikatuaren atariko modura egin du. Bingo horrek eta jarraian egingo dituzten lagunarteko olinpiadek zein bertso saioak borobilduko dute arratsaldea. 21:00etan, gainera, dezibelek ez dute behera egingo, kontzertuen txanda izango baita, urtero legez. SutAM talde gernika-lumotarra izango da oholtzara igotzen lehendabizikoa, eta ostean Ziraun eta Zetak taldeek joko dute. Gaua, azkenik, Akerbeltz erromeriaren eta DJ Txillardegiren emankizunek osatuko dute.