Maya Dodson, Lointeken bigarren fitxaketa
Poznan taldetik iritsi da. Lointek Gernika Bizkaiak, gaur-gaurkoz, bost jokalari ditu konfirmaturik datorren denboraldiari begira.
Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak Maya Dodson (Huntington, 1999ko otsailaren 16a) pibotaren fitxaketa publiko egin du, 2023/2024 denboraldirako. Poznan taldetik dator, eta Poloniako ligan bataz beste 14 puntu eta 10,2 errebote poltsikoratu ditu. Gainera, orain dela aste gutxi batzuk arte WNBAko Minnessota Lynx taldean ere aritu izan da, Gernikan jokatutako Nikolina Milicegaz batera.
190 zentimetro luzeko estatubatuarrak taldeari “zonaldeko nagusitasuna” ematea aurreikusten dute. Horrez gain, erreboteetan ere taldeari ekarpenak egiteko iritsi da. Dodson Notre Dameko unibertsitatean egin zen entzutetsu, eta Gernika-Lumokoa Europan jokatuko duen bere bigarren aldia izango da. Jokalariak adierazi du Emakumezkoen Endesa Liga “liga onenetariko bat” dela, eta Lointek, berriz, “liga horretako talderik onenetariko bat“. Dodsonek bere jokalari garapenagaz jarraitzeko asmoa duela argitu du; “gainera, gauza onak besterik ez dizkidate esan herriaren, klubaren eta zaletuen inguruan”.
Mario Lopez entrenatzaileak fitxaketaren garrantzia azpimarratu du: “4 eta 5 postuetan aritu daitekeen jokalari oso fisikoa da. Kontraerasoetan puntuak egiteko gai da, blokeo zuzenetan jarraipen bikainak egin ditzake, ezkerretik nahiz eskumatik uztaitik hurre amaitu dezake, eta beti dago erasoko errebotea lantzen. Bestalde, defentsa beharretan ere jaurtiketa asko alda ditzake, txapelak jartzeko timing paregabea du, eta batez ere defentsako errebotea ziurtatuko dio taldeari”.
Jokalari estatubatuarraren fitxaketagaz, Lointekek bost jokalari ditu ziurtatuta datorren denboraldirako: Itziar Ariztimuño bilbotarra, Sofia Da silva, Laia Flores eta, azkenengo errefortzua, Maya Dodson.