Ondarroan erabakiko da Euskadiko trainerurik azkarrena zein den
Domekan [ekainak 11] Euskadiko Traineru Txapelketa lehiatuko dute, 11:00etan hasita.
Joan den asteburuan Bizkaiko eta Gipuzkoako Traineru Txapelketak lehiatu ondoren, datorren domekan [ekainak 11] Ondarroak Euskadiko lehia hartuko du. Zenbait klub lurraldeetako txapelketetan nagusi agertu baldin baziren ere, lehiakortasun handia dago aurreikusita astebururako. 11:00etan ipiniko dituzte abian estropadak.
Emakumezkoen artean, Kaiku eta Donostiarra dira txapelketa poltsikoratzeko hautagai nagusiak. Lehendabizikoak alde handiagaz irabazi zuen Bizkaikoa, Deustu, Ondarroa eta Portugalete nagusitasunez menperatuta. Donostiarrak, bere aldetik, errenta apalagoagaz eskuratu zuen Gipuzkoako Txapelketa: segundu biko aldea atera zion Oriori; jarraian helmugaratu ziren Arraun Lagunak eta Hondarribia. Talde horiek denek lehiatuko dute Euskadikoa.
Gizonezkoen artean Urdaibai hautagai da. Bizkaiko Txapelketan maila handia erakutsi zuten Iker Zabalaren eta Gorka Aranberrien arraunlariek. Aurreikuspenek eskifaiarik sendoena dutela diote, baina Bizkaikoan mailan aritu ziren, era berean, Zierbena, Isuntza edota Santurtzi; azken horiek ere domekan parte hartuko dute. Gipuzkoan, ostera, Hondarribia gailendu zen, Donostiarragaz lehia estua eduki ostean. Eurekin batera, ezustean, Lapurdi eta San Juan ariko dira Euskadiko Txapelketan.
Lekeitioko estropada zati bitan banatuta egongo da
Bezperan, Lekeitioko Bandera. Euskadiko Txapelketa orduko, eskualdeetako arraun taldeek Lekeitioko uretan edukiko dute hitzordua, zapatuan [ekainak 10] Lekeitioko Bandera lehiatuko baitute. 11:30ean hasirik, gizonezkoen 44. ekitaldia eta emakumezkoen XII.a egingo dituzte. Antolatzaileek argitu dutenez, Lekeitioko estropadak “garrantzi berezia” hartu du azken urteotan, denboraldi hasierako lehen froga esanguratsuetako bat izanda, klubek “indarrak neurtzeko” erabiltzen dutelako.
Zapatuko estropada zati bitan banatuko da. Lehenengo, emakumezkoen tripulazioz osatutako bi txanda jokatuko dituzte. Lehen txandan, Zarautz, Hernani, Portugalete eta Kaiku ariko dira; bigarrenean, aldiz, Hibaika, Deusto, Zumaia eta Ondarroa. Gizonezkoei dagokienez, hiru txandatan lehiatuko dute; lehenengoa binakako erlojupekoa izango da, eta osteko biak, berriz, lerrokatuak. Lehen txandan, Donostiarra B, Mutriku, Portugalete, Elantxobe, Orio B, Deusto, Lapurdi, Zumaia, Hondarribia B, Zarautz eta San Juan izango dira lehiakideak. Bigarren txandan, Ondarroa, Santurtzi, San Pedro eta Arkotek lehiatuko dute. Hirugarrenean, Bermeok, Getariak, Kaikuk eta Isuntzak.