Egitarau zabala dakar 12. Muxikeko Gazte Egunek
Herritarrek elkarlanean antolatuta egunak jai giroz beteko du zapatuan, San Roman. Goizetik goizaldera arteko egitarauagaz bete dute gazte eguna Erdu Muxikeko Gaztiek taldekoek.
Badator hamabigarren Muxikeko Gazte Egune. Herritarrek elkarlanean antolatutako egunak jai giroz beteko du zapatuan, San Roman. Herritarrak batzeko asmoz bultzatu zuten jai eguna orain dela hamarkada bat baino gehiago, eta, dagoenerako eskualdeko herritarren egutegietan gorriz markatutako jai eguna da.
Udalerrian nahiko sakabanatuta bizi diren muxikarrak batzeko egun aproposa da biharkoa, eta, ondorioz, adin guztietako jendearentzako jaia prestatu dute. Azken ukituak besterik ez dira falta. “Prestaketa lanetan hainbat eta hainbat herritarrek lagundu digute. Laguntza asko jaso dugu, izan ere, dena egiten dugu auzolanean. Herriko eta inguruetako udaletatik azpiegiturak eta baliabideak ekartzen ditugu, eta guk muntatzen ditugu. Udalerri guztiak Gazte Egune antolatzen laguntzeak badu bere balioa”, azaldu dute Erdu Muxikeko Gaztiek taldekoek.
Erreten taldeak musikatuko du eguerdia
Txupina jaurtita hasiko da festa 11:00etan, eta, aurten, Lapazaran familiari egin diote txupina jaurtitzeko gonbidapena Erdu Muxikeko Gaztiek taldeko antolatzaileek. “Herriko txakolindegi baten arduradunak dira, eta herriko hainbat eta hainbat ekimenetan euren laguntza eskaini digute. Antolatzen ditugun azoka, jai edo ekimen desberdinetan eurek beti jartzen dute txakolina. Beti daude herriari ekarpenak egiteko prest, eta aitortza hori egin gura izan diegu”, azaldu dute.
Umeen dantzekin dantzan jarriko dituzte gerturatzen direnak, eta Erreten taldea arduratuko da eguerdia musikatzeaz. Normalean trikitilariak egon izan dira goizean, eta musika emanaldiak gauean izan dira. Baina, aurten, herriko gazteei erakusleiho bat eskaini gura izan diete: “Otu zitzaigun eguerdian ere espazioa ematea herriko gazteei eta euren taldeei. Kontzertu txikia emango dute, Muxikako Gazte Egune eurentzako erakusleiho bat izatea gura genuelako”.
Gero, paellak aurkeztuko dituzte, eta bazkariaren ostean, Bingo musikatua egingo dute bigarrenez. “Giro ona egon zen iaz, eta errepikatzea pentsatu genuen”, diote. Paella txapelketa eta dantzak urtero-urtero egon izan dira, eta urtez urte, hainbat gauza gehituz joan dira. Hala, paella txapelketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ostean, paella txapelketako sari banaketa egingo dute, eta jarraian, barre algarak botatzeko aukera ederra izango dute gazte olinpiadetan.
Gauez bakarrik ez, egunez ere San Romanera joateko deia egin dute antolatzaileek
Aurten ere, bertso saioak ez du hutsik egingo. Aner Euzkitze, Oihana Arana, Haizea Arana eta Onintza Enbeita ariko dira bertsotan, eta Leire Vargas izango da gai jartzailea. “Urtarrilean eRRe. Aldarri bat bertsoz ikuskizuna eskaini zuten udalerrian, eta bertsolari gazte horiek Gazte Egunean aritzea pentsatu genuen. Gainera, Bertsoa.eus webgunekoak ere etorriko dira saioa grabatzera”, azaldu dute antolatzaileek.
Erdu Muxikeko Gaztiek San Romanera jendea gerturatzea espero dute, baina gauean bakarrik ez, eguneko egitarauan parte hartzeko deia ere egin diete bizilagunei: “Eguneko egitaraura gerturatu gura ditugu bizilagunak. Gehienak gaueko kontzertuetara etortzen dira, baina asmoa da egitaraua zabaltzea eta jendea San Romanera eguerditik gerturatzea”.
Kontzertuak. Gauez, Sutam, Ziraun eta Zetak taldeen kontzertuak egongo dira, eta Akerbeltz erromeriak eskainiko du kontzertua gero. Goizalea borobiltzeko, DJ Txillardegik jarriko du musika. “Zetak ekartzea apustu handia izan da, baina Pello Reparazegaz harreman handia dugu, eta ilusioa egiten zigun eurek Muxikan kontzertua eskaintzea. Gainera, eskualdeko taldeen aldeko apustua ere egin gura izan dugu. Talde handiak eta ingurukoak uztartu gura izan ditugu”, azaldu dute.
Egitaraua:
- 11:00. Txupina Lapazaran txakolindegiaren eskutik.
- 11:15. Paella txapelketako izen ematea.
- 12:00. Baso txoritxu dantza taldea.
- 13:15. Erreten taldea.
- 14:30. Paella aurkezpena.
- 15:00. Bazkaria.
- 15:45. Kafie eta bingo musikatua.
- Ostean. Paella txapelketako sari banaketa.
- 17:30. Kuadrilla arteko olinpiadak.
- 19:30. Bertso saioa: Aner Euskitze, Oihana Arana, Haizea Arana eta Onintza Enbeita. Leire Vargas ariko da gai jartzaile.
- 20:00-21:00. Happy hour.
- 21:00. Kontzertuak: SuTAM, Ziraun, Zetak, Akerbeltz eta Dj Txillardegi.