Dantza garaikidearen eta zurezko eskultura baten arteko uztartzea
Garazi Etxaburu eta Jose Pablo Arriagak 'Kandelak' ikuskizuna eskainiko dute zapatuan [ekainak 10], 12:30etik aurrera, Euskal Herria Museoan.
MusEkintza jaialdiak Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egingo du geldialdia zapatuan [ekainak 10]. Dantza garaikidearen eta zurezko eskulturen arteko uztartzea irudikatuko dute Garazi Etxaburuk eta Jose Pablo Arriagak, 12:30etik aurrera, Euskal Herria Museoan. Kandelak ikuskizuna eskainiko dute, eta horretaz gozatzeko, aurretiaz izena eman beharko da 94 625 54 51 telefono zenbakira deituta.
Artistek zehaztu dutenez, dantza garaikidearen eta zurezko eskultura handien arteko uztartze “berezia” da ikuskizuna. Izan ere, Etxaburuk bizitza emango dio Arriagak egindako eskultura handi bati. Koreografia indartsu eta gozoa da aurkeztuko duena, kandeletako sugarraren mugimenduetan oinarrituta dagoena. “Irudi bizipen emozional zirraragarria sortuko du”, diote antolatzaileek.
Artistek zehaztu dutenez, eskulturak hainbat geruza dauzka elkarren gainean tolestuta, eta “adiera asko” hartuko ditu dantzaldiak aurrera egin ahala. “Pentsa dauteke haurdun dagoen emakumearen sabeleko azalaren metafora dela; hau da, bizitza berria gordetzen eta babesten duen espazioaren metafora”, azaldu dute. Hala ere, barnean dagoenari aurre egin beharra ere iradokitzen duela diote. “Zenbait gauza izan daitezke: haur baten jaiotza, egonean dagoen larritasunaren agerpena edo barneko mamu zaharren askapena. Horiek guztiak azaleratzea funtsezkoa da bizitza osoan”.
MusEkintza ekimena. Hilero diziplina artistiko ugari biltzen dituen jaialdia da. Irailean eskaini zuten lehen ikuskizuna, eta ordutik, Bizkaiko museo edo leku historiko batetik bestera egin du salto, geldialdi bakoitzean ikuskizun desberdinak eskainiz.