Bego Eizaga busturiarrak irabazi du maiatzeko Ezetz Jakin lehiaketa
Parte hartzaile guztien artean, zozketa eginda, bigarren saria egokitu zaio Amaia Txakartegiri. Dagoeneko martxan dago ekaineko lehiaketa.
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen duen Ezetz Jakin lehiaketaren maiatzeko sariak banatu dituzte gaur [ekainak 8], eta Bego Eizaga busturiarrak jaso du lehenengo saria. Parte hartzaile guztien artean, zozketa eginda, bigarren saria egokitu zaio Amaia Txakartegi lekeitiarrari. Udalerriko establezimenduetan gastatzeko 80 euroko bonoa eskuratu du Eizagak, eta 20 euroko bonoa, berriz, Txakartegik.
Maiatzeko Ezetz Jakin lehiaketan 64 pertsonak parte hartu dute, eta horietatik 50 izan dira galdera guztiak zuzen erantzun dituztenak.
Ekainekoa martxan. Dagoeneko martxan dago ekaineko lehiaketa. Hamabost galderetatik gehienak euskaragaz lotutakoak dira, baina badaude San Joanei buruzko eta esaera zaharren inguruko hainbat galdera ere. Lehiaketan parte hartu gura dutenek, ohi legez, galdetegia bete eta kultur etxeko Berbalagunen postontzian sartu beharko du, ekainaren 30a (barikua) aurretik.